Ez da dirua

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2021ko aza. 16a, 18:40

Noaua!ko bazkidetzan baja ematera noa. Hasieratik naiz bazkide, baina uste dut oraingoan baja emango dudala. Astero jasotzen dut aldizkaria etxeko buzoian, baina nire bizilagunek ere berdin-berdin jasotzen dute bazkide izan gabe. Gainera, gaur egun Interneten sartu eta webgunean dena agertzen da, paperean baino lehenago. Eta mugikorreko aplikazioarekin ere dena ikus daiteke.

Bazkideen artean zozketatzen den saskia ere ez zait inoiz tokatu, eta seguru ez zaidala inoiz tokatuko. Noauak!k antolatzen dituen kultur ekitaldietan bazkideok prezio berezia izaten dugu, baina total, askotan ez naiz joan ere egiten eta hori ere ez dut asko aprobetxatzen.

Gainera, bazkidetzan baja emanda dirua aurreztuko dut, urtean 40 euro. Eeee…. beno…. 40 euro… egia esan… ez da dirua. Urte osoan zehar beste makina bat gauzatan gastatzen dugu gehiago, bai. Asteroko erosketetan aise xahutzen dira 40 euro. Sagardotegi garaian ez dugu planteatu ere egiten diruagatik sagardotegira joan gabe geratzerik, eta gauza bere kintoko bazkari-afarietan. Argiaren faktura ere handi samarra izan ohi da, baina ez diogu argi gutxiago gastatzeko erronkarik jartzen geure buruari. Gauza bere gasolinarekin, gero eta garestiagoa den arren depositua betetzea, ez ditugu gure joan-etorriak murrizten edo beste modu batera planifikatzen.

Egia esan, gauza batzuk isil-isilik ordaintzen ditugu, eta beste batzuk… kosta egiten da, alajaina.

Gazteen kasuan 40 eurora ez da iristen bazkidetza; 25. urteurreneko kanpainarekin 25 eurotan bazkide izan daitezke. Hori ere ez da ba dirua. Pentsa zenbat gastatu dezaketen ikasketak ordaintzen, Nike edo Adidas zapatilak erosten, autoko gida-baimena ateratzen edo aisialdian. 25 euro ez da dirua.

 

Ainhoa Azpirotz

“Usurbildarra izateaz gain, Noaua!tarra izateko aukera ematen dit bazkide izateak, eta horrek badu azaltzen erraza ez den plus bat”

 

Orduan, zergatik ari naiz bazkidetza uztea pentsatzen? Ez bada dirua eta Noaua!rentzat garrantzitsua baldin bada bazkideen laguntza ekonomiko hori, ez dut arrazoirik baja emateko. Herria herritik egiten jarraitu nahi du Noaua!k beste 25 urtetan: Errigora, tren eta autobus ordutegia, agenda eta antzeko zerbitzu xume eta funtsezkoak eskaintzen; Plis plas txalo eta jolas, Zirimara, Uda Jolas, kultur hamabostaldia, laburbira, euskarazko pelikulen emanaldiak, inauteriak, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia eta San Tomas azoka antolatzen; herriko ekimenetan parte hartzen eta abar. Eta horretarako behar ditu bakoitzaren 40 euro horiek. Guztion ekarpen xumearekin herriko eragile izaten jarraitzeko eta herriko bizitza kulturala, aisialdikoa eta abar bizirik mantentzeko. Herritarrentzako lanean jarraitzeko.

Bai, horretan lagundu nahi dut, nahiz eta bazkide izan gabe ere aldizkaria buzoian jaso, webgunean ikusi edo mugikorrean kontsultatu. Usurbildarra izateaz gain, Noaua!tarra izateko aukera ematen dit bazkide izateak, eta horrek badu azaltzen erraza ez den plus bat: herriko elkarte sendo bateko partaide izatearen sentsazioa, Noaua!ko ateak irekita izatearen segurtasuna, beste herritar askorekin -ezagun, ezezagun, gazte, adineko, gertuko, urrutiko…‑ zerbait partekatzearen xarma… Bazkide zaretenok jakingo duzue zertaz ari naizen, eta bazkide egiten zaretenok berehala sumatuko duzue hori dena. Eta… bide batez, saskia tokatzeko aukera izango dugu denok.