Semaforo gorriei

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2020ko ots. 4a, 17:33

Sare sozialetan bada, kalean entzundako esaldi anonimoak zabalduaz ezagun egin den profil bat. “La gente anda diciendo” izenpeko orrialdean, baten batek inguruan hegaldaturiko esaldiak gatibatzen ditu, testuinguruaren zantzu ttipiak emanez, pilula gazi-gozoen forman eskaintzeko. Hona adibide bat.

“Bizitza lerro zuzen baten antzerakoa da. Diagonaletik joan zaitezke eta azkarrago heldu, baina jendea mintzen duzu gurutzatu nahian. Beraz, zuzen, guztiz zuzen…”

70 urte inguruko gizon bat, adin bereko beste bi gizonei. Balcarce e Hipólito Irigoyen, Caba, Asteazkena, 11:30ak”

 

Eta saiatzen naiz irudikatzen, hirukote hura. Argentinako Maiatzeko plazatik gertu, zuhaitzez inguraturiko bankuren batean eseri eta euren azal zartatuen esperientziatik berriketan. Eta orduan, alkandora zabal, mahoizko lepondo eta zapela dotore haien eta nire bidearen norabidea, hitz hauengatik ez balitz, ez litzatekeela sekula gurutzatuko pentsatzen dut.

Gustura jakingo nuke, hitz horiexek sakelakoan irakurtzen jarduteagatik, nire inguruan gertatutako zenbat gauza galdu ote ditudan. Baina ozeanoaz bestalde gertatzen dena alboratu eta hona bertaratzeko ahaleginak egin arren,  ez dut erantzunik topatzen.

Lehen denbora gehiago eskaintzen nion inguruari erreparatzen. Egunerokotasuna mantsoago pertzibitzen nuela esango nuke. Garraio publikoa erabiltzean, ondoko bidaidearekin elkarrizketa bat edo beste sortu eta eraikitzeko gai nintzen, asperdura ekiditeko bestelako gauzarik behar izan gabe. Liburu gehiago irakurtzen nituen akaso, eta beti soinean eraman ohi nuen koadernotxoa ere gehiagotan erabiltzen nuen. Baina baita maiz  zabaldu bezain pronto itxi ere, ondoko eserlekua bete eta bidaia laburtu zezakeen elkarrizketaren bati sortzeko aukera emanaz.

“Gogaitzen nauena zera da, jendeak ez duela hitz egiten. Kafe bat hartzera irteten dira eta ez dute txintik esaten, mugikorrarekin daude. Lehen pareko mahaikoekin hitz egiten zuten, edo harantzagokoekin… ezberdina zen”.

50 urte inguruko emakume bat, 20 urte inguruko neska bati. 551 autobusa, Mar de Plata, astelehena”

 

Eta egia da, niri ere sarritan gertatu zait, pareko mahaikidea une batez komunera zutitu eta mahaiaren handitasunean galtzea. Eserlekuan lehengo komoditatez kokatu ezin eta begirada non iltzatu ezin asmatzea. Harik eta ohartzerako, behatz noragabeok pantaila zurbil bati gora eta behera, esker eta eskuin, inkontzienteki baino kontzienteegi, eragiten hasten diren arte.

“Une batzuetan, arrazoia baino, bakea izan nahi nuke”

45 urte inguruko gizonezko bat, 65 inguruko emakume bati. El Salvador y Godoy Cruz, Caba, Osteguna”

 

Baina haserretu egin ohi naiz. Kidea komunetik itzuli eta informazio zurrunbilotsu horren jarioa berehalakoan eten ezinda eta kasik aurpegira begiratu ere egin gabe, une batez itxaroteko, berehala amaituko dudala eta barkatzeko esatera ausartu izan naizelako noizbait. Hil ala biziko uneren batean harrapatu dutenaren intentsitateaz, bide batez. Baina zer demontre, jarraian eskuartekoa poltsiko sakon eta ilunenean gordetzeak ezer konpontzen duelakoan hala?

“Arratsalde on guztioi, ongi etorri semaforo gorrira”

30 urte inguruko kale artista bat, autoak semaforoaren aurrean gelditu berritan. Oroño y Rivadavia, Rosario, Santa Fe, asteazkena”

 

Beraz, urteko lehen hilabetea gainditu ostean, begirada fintzeko ahaleginetan nabil. Errepideko obren semaforoaren gorritasuna, ingurua erreparatzeko darabilt. Leihoak zabaldu eta eguzki izpiei sar daitezen uzten diet. Eta ostera,  inguratzen gaituenarekiko zelatan nabil.

“Lehen denbora gehiago eskaintzen nion inguruari erreparatzen”. Argazkia: @robin_rednine