Urte berrirako barre mandamenduak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Torregarai Martija 2020ko urt. 27a, 13:24

Urte hasiera asmo berriei ekiteko garaia izaten da: erretzeari uztea, kirol gehiago egitea, dietan hastea,… Guztiak aintzat hartzeko modukoak, garrantzitsuak, ohoretsuak, baina tamalez, gehienetan asmo hutsean geratzen direnak. Hori dela eta, eta gure buruaz harro sentitu gaitezen, urte berrirako asmo lorgarriago bat proposatuko dizuet, hainbesteko lana eskatzen ez duena eta aldiz, emaitza bikainak ekartzen dituena: barre egitea. Bai, bai, irakurle: egunero gutxienez bost minutuz barre egitera gonbidatzen zaitut.

Zergatik? Hasteko, barre egitea oso dibertigarria delako. Ez da gutxi! Barrearen bidez errealitatearekin jolasten dugu gozatzeko, baina baita hura eraldatzeko eta harengandik babesteko ere. Eta hori gutxi ez eta hainbat onura ekartzen dizkigu:

 

1. Antidepresibo handia da. Zentzuzkoa da pentsatzea barre egiten dugunean ez gaudela triste. Baina horretaz gain, bizitza umorez hartzen ikasten badugu, bizitzarekiko jarrera baikorragoa izango dugu, eta arazoei aurre egiteko gai sentituko gara.

 

2. Estresa murrizten du. Barre egitean, kortisol izeneko hormona murrizten dugu, hau da, “Estresaren hormona” izenez ezagutzen dena.

 

3. Odol-presioa erregulatzen du. Barre egiteak, epe laburrean, antsietatea eta erreaktibitatea murrizten ditu pertsonengan, eta horrek odol presioa murrizten du. Horrek gaixotasun askotatik babestuko gaitu (hipertentsioa,  adibidez) eta, horrela, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua txikiagotu dugu.

 

4. Sistema immunea indartzen du. Gogo-aldarte positibo batek gaixotasunetatik babesten duela frogatu da, eta adibidez, diabetesa eta asma bezalako gaixotasunen pronostikoak hobetzen ditu.

 

5. Minaren sentsazioa murrizten du. Barre egitean endorfinak askatzen ditugu. Substantzia honen propietateetako bat efektu analgesikoa duela da eta beraz, barre egiterakoan min sentsazioa murriztu egiten da.

 

6. Arnasketa hobetzen du. Barrez ari garenean biriken aire kopurua hirukoiztu egiten da. Horren ondorioz azala gehiago oxigenatzen da, eta, horregatik, barre egiteak gaztetu egiten du!

 

7. Ariketa aerobikoa egiten duzu. Barre egiterakoan gorputzeko 400 gihar baino gehiago mugitzen dira eta beraz, muskuluak forman jartzen ditugu.

 

8. Digestioa errazten du. Barre egiterakoan erabiltzen ditugun gihar gehienak aurpegian eta sabelaldean daude. Mugimendu abdominal honek masajea ematen digu eta hesteen fluxua errazten du, digestioa erraztuz.

 

Onura hauek guztiak jasotzeko nahikoa dugu egunean bost minutu barre egitea. Baina nola? Ba gogoko duzun umorezko pelikula/telesail/monologo hori ikusiz, adibidez. Edo egin ezazu ariketa hau: jarri zaitez ispiluaren aurrean eta irribarre egin. Ez zaizula ateratzen? Berdin du, zu, saiatu. Faltsua dela? Lasai, hori ere balekoa da eta! Gezurretako barrea edo egiazkoa, naturala edo behartutakoa, algaraduna edo isila, kontua da guztiek balio dutela gure gorputzean zein burmuinean eragiteko.

Eta gainera kirola egiten hasi edo dietan jartzea baino errazagoa da ;)