Iraultza umoretik etorriko da edo ez da etorriko

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Torregarai Martija 2020ko ots. 25a, 14:10

Martxoaren 8a gainean dugu eta olatu moreak berriro zipriztinduko ditu gure kaleak, aldarrikapen eta borroka protagonista izango dituelarik. Bizitzako eremu asko irauli behar ditugu oraindik, eta horietako bat da umorearena. Izan ere, barreak emakumeak aske(ago) egingo gaituela sinesten dut.

 

Zenbat aldiz entzun/esan duzue emakumeak ez garela graziosak? Askotan, ezta? Duela oso gutxira arte emakumeak umore kontsumitzaile soilak izan gara, eta gizonak umore sortzaileak. Emakumeoi zeri barre egin, non barre egin eta noiz barre egin erakutsi zaigu, eta betiere jendetasuna mantendu behar izan dugu. Beste hainbat esparrutan bezala, umorean ere “hezi” egin gaituzte gizonen neurritik, noski. Zenbat aldiz barre egin behar izan dugu batere graziarik egin ez digun txiste batekin? Erakutsi digute gizonen txisteak direla “normalak” eta barregarriak, eta automatikoki barre egiten ikasi dugu. Emakumeak entzule soilak izan gara, eta horretaz gain, arduratsuak eta formalak izateko betebeharra eman zaigu. Serioak, alegia. Umoretsua edo umorea sortzen duen emakume bat gaizki ikusia eta sozialki zigortua izan da, “ez zegokiolako”. Nor ausartuko zen ba joko-zelai estu eta arriskutsu horretatik ateratzen? Oso gutxi. Horrek ez du esan nahi emakume artean, eremu pribatuan (publikoa gizonezkoa baita), emakumeok ez dugunik barre egin, ez dugunik gure umorea sortu. Kontua da etxean edo konfiantzazko gunean egin dugula (eremu pribatuan) eta beraz, ezkutuan egon dela eta (publikoa=gizonena ez denez) ez zaiola baliorik eman.

Beste kupeleko sagardoa da emakume batek publikoki umorea egiteko erabakia hartzen duenean. Virginia Imaz clown zoragarriak dioen bezala, emakume batek umorea agertoki baten gainean egiten duenean, gure gizarteko hainbat marra gorri gurutzatzen ditu: 1) espazio publiko bat okupatzen du (normalean gizonena izan dena). 2) Agertoki bat okupatzen du, espazio publiko nagusienetako bat dena. 3) Umorearen espazio sinbolikoa okupatzen du. Eta horregatik lupa zorrotzago batekin epaitzen dute.

Baina nahikoa da. Bada garaia emakumeok umorean (ere) ahalduntzeko. Garaia da gure kezkak, bizitza, ametsak eta borrokak barrearen bidez deseraiki eta eraikitzeko. Umorea kritika soziala egiteko oso baliagarria delako, autokritikarako egokia delako, taldetasuna indartzeko aproposa delako, funtzio iraultzaile ikaragarria duelako, gure osasunak eskertuko duelako eta batez ere, oso dibertigarria delako! Horretarako ez dugu denok umoregile bihurtu behar, ezta gutxiago ere, baina duen garrantziaz jabetu eta gure bizitzeko eta borrokatzeko estrategian txertatu beharko genukeela uste dut. Eta horretarako praktikan jarri behar dugu, umorea ere erabiltzen eta egiten ikasi egiten baita.

Prest zaudete? Ba hor doa martxoak 8rako nire lelo proposamena:

Patriarkatuari KAR, KAR, KAR!