Koronabirusak erakutsi dizkigunak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Torregarai Martija 2020ko mai. 5a, 16:18

COVID-19k eragindako pandemia ikusita, badirudi ezer onik ezin dela egoera honetatik atera. Baina itxialdiak ere hainbat kontu positibo ekarri dizkigula uste dut. Hauek, adibidez:

1. Bizkotxo eta ogi pila bat egiteko (eta jateko) aukera izaten ari gara. Lehenengo egunetako komuneko paperaren eromena pasa ondoren, denda eta supermerkatuetako irin eta legamiaren apalak husten ari dira. Etxeetako labeak ia etengabe ari dira lanean eta inoiz baino hobeto usaintzen dute sukaldeek. Txokolatezko bizkotxoak, ama-oreaz egindako ogia eta gurinezko gailetak gure eguneroko dietaren zati bihurtu dira. Kilo pare bat gehiagorekin bukatuko dugu, baina zenbat gozatzen ari garen!

 

2. Ez dugu arropagatik kezkatu behar. Aste guztia egon gaitezke pijametan edo txandalarekin. Gainetik niki bat jarri eta lixto, lanerako zein sukaldean aritzeko prest gaude. Akabo eguneroko outfita aukeratzeko buruhausteak. Itxialdiak erakutsi digu erosotasunak asko balio duela. Eta ahalegin bat egin behar dugunean laneko edo kuadrilarekin egin behar ditugun bideo-deietan, erdi lanekin nahikoa dugu: pijamen galtzekin lasai asko egon gaitezke, inork ez baitizkigu hankak ikusten. Zoragarria!

 

3. Inoiz baino kontzertu gehiago entzuten ari gara. Eta gure sofatik mugitu gabe, gainera! Une batzuetan estresatu eta guzti egiten naiz agendan apuntatuta ditudan zita guztiekin. Eta zer esan Usurbilgo Artixtetaz? Ez al da pozgarria izaten ari herriko talentu guztia ezagutzea? Bejondeizuela! Eta ez ahaztu hau guztia bukatzerakoan kontzertuetako sarrerak erosteaz.

 

4. Bizikleta estatikoari hautsa kendu diogu. Kirola egiten ez genuenok ere gure gorputza mugimenduan jarri dugu egun hauetan zehar. Normalean pertxero bezala erabiltzen nuen bizikleta estatikoaren gainean jarri naiz eta izerdia ateratzen ari naiz: ez sinistekoa!       Egia aitortuko dizuet: inoiz ez dut hainbeste kirol egin. Martxa honetan gurpilik gabe ere Andatzako puntara iritsiko naiz!

 

5. Bideo-deiak nola egiten diren ikasi dugu. Aitortu dezagun: itxialdiko lehendabiziko egunetan nahikoa komeria izan genituen ditxosozko bideo-deiak egiteko. Teknologia bagenuen baina ez genekien nola erabili. Orain, berriz, Zoom, meet, Jitsi… gure eguneroko hiztegian integratu ditugu eta aspaldiko lagun eta familiakoak gerturatu dizkigute.

 

6. Etxea txukundu dugu. Gure etxeko garbitasunak asko irabazi du azkeneko bi hilabete hauetan. Bizkotxo eta bizkotxo artean armairuak ordenatu, trasteak kendu eta leihoak garbitzeko denbora eduki dugu. Nire lau paretak Mister Properrenak baino distiratsuagoak daude!

 

7. Siestak egiteko aukera handiagoa. Etxetik lan egiteak bere gauzak ditu, baina lana nahi duzun bezala moldatzeko aukera ematen dizu. Nire kasuan, bazkaldu ondorengo lokuluxka sakratua bihurtu da itxialdian nagoenetik. Nire bizitza kalitatea handitu egin da eta nire begizuloak txikitu!

 

8. Naturari arnas pixka bat eman diogu. Konfinamenduan buelta eman zaio guztiari: txoriak libre eta gu kaiolan. Datu guztien arabera, itsaso zein ibaietako uren kalitatea hobetu egin da, airea garbitu, eta animalia asko gure kaleetan zehar lasai asko ibiltzen hasi dira. Zer pentsatua emango ote digu honek…

 

Zerrenda osatzen animatzen zara?