Behin Martxoak 8 pasata...

Erabiltzailearen aurpegia

A zer nolako eguna ostiralekoa! Herriko emakumeok, gazte zein adineko, kaleak hartu genituen. Goizean herrikoak, arratsaldean Donostiakoak. Gure indarra ikusteko aldizkari honetako argazkiak ikusi besterik ez dago, edo probintziakoren bat ere bai. Horrelako egunetan berdintasuna inoiz baino gertuago ikusten dut, emakumeok batuta helburu baten alde borrokan. Egunerokotasunean, ordea...

Giro politari buruz hasi naiz eta, gogoan dut oraindik joan den urteko Sagardo Eguna. Giro ederra orduan ere: trago bat, beste bat, jiji, jaja… gogoan dudan gertaera, ordea, ez da inola ere momentu gogoangarriena, baina, tamalez, emakume guztioi gertatu zaigu halakoren bat noizbait. Goizaldeko ordu txikitan gertatu zen, horrelakoak sarri (baina ez beti) gertatzen diren garaian. Ni ordurako etxean nintzen; azterketa garaia izaten da eta ikasi egin behar... Lagun gehienak, ordea, berandura arte geratu ziren kalean, eta noski, tabernetan. Halako batean mutil batek (eta ez kanpoko mutil batek, ez ezezagun batek), herriko mutil batek lagun bati ukituak egin zizkion. Egoera ikusita, beste lagun bat (demagun Marta izena duela) zerbitzariarengana (gizona) hurbildu zen eta gertatzen ari zena kontatu zion: eta nik zer egitea nahi duzu? Guztiok dakigu mutil hori nolakoa den... erantzun zion zerbitzariak (bigarren honi Ludobiko deituko diogu).

 

Handik gutxira, goizeko 4ak aldera edo, taberna berean, Martari ipurdia ukitu zion beste gizon batek (bigarren hau ezezaguna, ez herrikoa) eta, berriz ere, haserre zerbitzari berarengana joan zen: zein da, horko hori? eta nire lagunak baietz. AUPA HI!, horixe izan zen Ludobikoren erantzuna nazkagarri hari bizkarrean kolpetxoak ematen zizkion bitartean, erabat konplize. Orduan sortu zen benetako iskanbila bien artean, Marta ez baita horrelakoen aurrean isilik geratzen den horietakoa. Kontuak eskatu zizkion izandako jarreragatik: taberna hau ordubietatik aurrera itxita dago… besteak harro, bere buruari erantzukizuna kendu nahian.

 

Hala ere, tabernan bazen buru gehixeago duen zerbitzari bat (Manu deituko diogu), eta gertatua azaltzeko eskatu zion Martari. Honek Ludobikorekin izandako eztabaidak kontatu zizkion, eta Manuk lasai egoteko, horrelako egoeretarako protokolorik ez zutela, baina hurrengo egunean bilera deituko zuela zerbait pentsatzeko. Marta ere gonbidatu zuen protokolo berriaren gainean egingo zuten bilerara, baina Martak ezetz, ez zetorkiola ongi egun hori. Hala ere, eskerrak ere eman zizkion kezkatzeagatik eta egoera aldatzeko zerbait proposatzeagatik, nahiz eta ez zuen zertan halakorik egin.

 

Behin dena kontatzen hasita, esan beharra daukat Ludobiko berdintasunaren aldeko manifestazioetan maiz ikusi dudala, bai eta herri mugimenduen beste alor batzuetan ere. Oso ondo iruditzen zait herriko jardueretan parte hartzea eta nola ez gizartea aldatzeko borroka ugaritan inplikatzea, baina hausnarketak egin ondoren egin behar dira horrelakoak. Zein erraza den matxismoa gure ekintzetatik kanpo ikusi eta salatzea, baina autokritika gutxi egiten diogu gure buruari.

Gizona(k): postureo gutxio eta erreflexio gehio!