Zu bai ausarta

Erabiltzailearen aurpegia

Maiatzeko asteburuak ekitaldiz beteta datorzkigu. Denok hain maite dugun Sagardo Eguna, beharbada, gehienontzat huts egiterik ez dagoen zita nagusia. Oraingoan, ordea, ez dut Sagardo Eguna izango hizpide. Asteburuan ospatu zen Tximeleta Taldearen topaketaren harira arituko naiz. 

Gimnasia erritmikoa maite dugunok, eta batez ere praktikatu dugunok, ezin hobeto dakigu nerbioak dantzan izatea zer den. 10 metro karratuko tapiza zapaldu eta heldutasunaren puntu gorenera heltzeko beharrak, kontzentrazioak eta familia eta lagunen begiradak sentitze horrek behin baino gehiagotan eragin digu ustekabekoren bat. 

Bost urterekin lehenengo aldiz mailota eta punterak jantzita tapizaren gainean jartzeak zer nolako zirrara eragiten duen ondo baino hobeto dakigu gimnasta izan garenok. Denboraldi hasieran aurkitzen diren aurpegi berriak, gazteagoengandik datozen mirespena eta lilura... Ondo gogoan dut urriko lehen egunetan hain maite genuen entrenatzailearen ahotik talde berrien antolaketa entzutea, eta nola ez, elkarri urtero egiten genion galdera: mutilik izango al da aurten? Urtero, hutsik egin gabe, urtero, egiten zen galderarik garrantzitsuena. Behin edo behin mutilen batek eman zuen izena, lagunei barre eginarazteko edo. Bazen beti “graziosoren” bat. Duela bost bat urte hartu genuen sorpresa ederra, lehen aldiz, mutil batek benetan izena eman zuela ikustean. Balleta urtebetez praktikatzetik zerbait berria probatzera zetorren Unai Arrieta. Egun, Espainiako onenen artean da. Zenbat txutxumutxu entzun behar izan ote zituen gorputzera pegatzen den mailotarekin aritzeagatik, edo horrenbeste harritzen gaituen “Espagat” egiteagatik. Ni inoiz ez ninduen inork epaitu, edo ez behintzat zentzu horretan. 

Emakumeak kirol “femeninoak” praktikatzen. Normala deritzogu. Askorentzat morboa ere ematen omen du mailot estu horiekin jantzitako emakumeak eta neskatilak ikusteak. Mutil bat horrela jantzita ikustea, ordea, pertsona berberek bestela jasotzen dute. Genero-estereotipoak jokoan sartzen dira eta... (UNGA UNGA). Marikoia askorentzat; nik ausart hitzak hobeto definitzen duela uste dut. Ausarta alde batetik, gogoko duena egiteak inolako lotsarik ematen ez diolako. Ausarta bere sexualitatearen inguruko etiketak jarriko dizkiela jakinda, aurrera jarraitzeko indarra atera duelako. Ausarta egunero-egunero tapizean bere usteak defendatzen dituelako. Ausarta eguneroko borrokan aurrera diharduelako. 

Geroz eta mutil ausart gehiago daude soinketa erritmikoaren munduan, bai eta balleta, igeriketa sinkronizatua edota irristaketa artistikoan ere. Tximeletaren topaketan hiru mutilek hartu zuten parte; lehen, berriz, baten bat ikustea nahiko zaila izan ohi zen.

Zein gogorra eta tristea egiten zaidan, aldi berean, ausart hitzarekin definitzea gisa honetako pertsonak. Gustoko duena egitera animatzen den horri zorioneko baino ausart deitu behar. Zenbat aldiz gehiago izan behar ote dugu ausart, askatasunez erabakitzeko aukera izan arte?