Iraila is the new urtarrila

Erabiltzailearen aurpegia

Askotan sinetsarazi digute urtea urtarrilaren 1ean hasten dela, nire ustez, ordea, irailarekin bat hasten da urtea.

Urtarrilean baino aldaketa askoz gehiago izaten ditugu irailean. Asko eta asko lanera itzuli gara urteko oporrik luzeenak pasatuta; errutina eta monotonian sartu behar berriz ere. Gurasoen kasuan ikastolarako materiala, arropa, kiroletan izena ematea... gazteleraz esaten den “urtarrileko aldapa” irailean errepikatzen da, eta sarritan malda handiagoarekin. Ikasleentzat ere berdin. Batzuk ikastola amaitu eta batxilerrera joango dira, beste batzuk unibertsitatean hasiko dira, beste asko masterretan eta izango da doktoretza egingo duenik ere. Horientzat ere urte hasiera izango da, aldaketen garaia eta ikasturtea antolatzen hasteko momentua. Udan lanean aritu diren askorentzat kontratuaren amaiera izango da, eta gradua amaitu dutenentzat lan bilaketa zoragarri horretan hasteko unea. Iraila is the new urtarrila.

Oraindik egunerokotasunera itzuli nahi ez duten horiek izango dute ondo pasatzeko abagunerik; bi aste baino ez dira falta Santueneako jaietarako eta hilabete inguru Aginagako San Praxkuetarako.  Ni, egia esan beti izan naiz festa zalea, baina azken urtean ez ditut berdin ikusten jaiak. San Praxkuak behin pasata ezin zoriontsuago izango naiz. Orain jabetu naiz jai giroan beste ardurarik gabe ibiltzea zein zoragarria den. Jaiei beste aurpegi bat ikustea egokitu zait orain, eta jakina, ez dut horren gustuko. Hala ere,  ezezkoa badirudi ere, baditu bere alde onak. Umeen Egun guztietan atzera eta aurrera ibiltzea egokitu zait, nahiz eta nik herriko oso ume gutxi ezagutu. Zubietan, Urdaiagan eta Atxegalden egin dut topo ume askorekin eta orain, kalean aurkitzean agurtu egiten naute zenbaitek. Helduen kasuan ere antzeko; mus txapelketen tourra egiten duenik bada gurean. Herriko parranderoak lehenagotik ere ezagutzen nituen, baina urtez urte aurpegi berriak sartzen dira gaueko mundu horretan.

Santuenean ere ziur aurkituko ditudala haurrak, mus jokalariak eta parrandazaleak; geroago, Aginagan. Ez dakit zeintzuk ditudan nahiago, egia esan. Mus jokalariak lasaiak izan ohi dira lehen partidua galdu eta torneotik kanpo geratzen diren arte. Galdu izanaren eramanezina eta ordura arte edandako garagardoen efektuak bat egitean, hobe bertatik alde egitea. Parrandazaleen profila ere antzekoa da, gaueko 12etatik goizeko 8ak bitarte eraldaketa amaigabeak izaten dituzte. Okerrena da aldez aurretik eraldaketa horren nondik norakoak jakitea ez dela erraza izaten. Batzuetan gogo gutxi eta logura izatetik goren mailara pasatzen dira; beste askotan alderantziz ere bai. Bada afaritan jandako zerbaitek goizeko 4etan kalte egiten dionik, eta etxekorako bidea ahazten duenik ere izaten da. Haurrak dira azkenean, gogokoen ditudan jaietako pertsonak, eta pentsa ez naizela batere umezalea. Horiekin topatzea izango dut gustokoen hilabete osoan zehar. Jai Batzordeetako kideak ere ezin aipatu gabe utzi analisi honetan. Talde horretan bi azpitalde nabarmentzen dira: argazki guztietan atera eta jaietako protagonistak izan nahi dutenak, eta argazkietatik ihes ibiltzen direnak. Kasu honetan ere ez dakit zeintzuk ditudan nahiago, biek ematen dute lan asko. Ezinbestean topatuko ditut hauek ere auzoko jaietan.

Horiek guztiak festaz festa dabiltzan bitartean, ni eta nire kamera ere bertan izango gara. Nik ere gogotsu hartu beharko ditut jai horiek, ikasturte berriarekin, HHtik LHra pasatu eta andereño berria ezagutzeko irrikaz dagoen haurra bezala. Niretzat, beraz, oraindik ez da “urte berria” hasi gainontzekoen kasuan ez bezala. San Praxkuen amaierarekin hasiko da nire “urte berria”, gainontzekoena baino hilabete eta erdi beranduago.  Alderantzizko norantzan ibiltzen gara batzuk beti, parrandazaleen erruz edo horiei esker. Irailean bizitza berri bati ekiteko aukerarik ez dugun guztiok ez dugu urtarrilik izaten. Kazetariontzat iraila is not the new urtarrila.