Astelehenean emakumeok kalera!

Erabiltzailearen aurpegia

Datorren astelehena egun seinalatua dugu emakumeok, hala izan beharko ez baluke ere. Jasaten ditugun zapalkuntzak ardatz hartuta, beste behin, gizarte eredu honekin amaitzeko eskatzera gatoz. Tristea da oraindik ere, urteroko aldarrikapenekin atzera eta aurrera ibili beharra, eta eskakizunen zerrenda geroz eta luzeagoa da. Arrakala estutuz joan beharrean, askotan, badirudi handituz doala.

Azalera geroz eta egoera gehiago, eta zenbaitetan geroz eta gordinagoak ateratzen dira. Alde batetik, gizartearen aurpegi zikinenari begiratzen diogu, existitu ez, edo existituko ez den esperantzarekin beste aldera begira geunden aurpegi hori. Bestalde, borrokarako indarra ematen du gordintasun horrek. Nolabait, kontzienteago gara bizi garen gizarte honetan zein funtzio betetzeko sortu gaituzten. Geroz eta gehiago gara egitura erabat irauli behar dela iritzi diogunak, eta ez da harritzekoa; ikusi besterik ez daude albistegiak eta gure ingurukoen testigantzak. Behin begiak irekita, ez daude atzera ixterik.

Kezkatuta nauka bestalde, feminismoa hartzen ari den irudiak. Duela bost bat urte, feministak “gutxiengo emakume erradikalak” ziren, mespretxuz tratatu beharreko emagaldu batzuk. Egun, gizonezko guztiak ere feministak egin zaizkigu, alajaina. Zentzu horretan, geroz eta lausoagoa da benetan egunero borroka egin nahi dutenen eta hausnarketa bat bera ere egin ez dutenen arrakala. Nork bereizten ditu itxurakeriak baino egiten ez dituzten, eta postureoaren atzean ezkutatzen diren horiek? Pena bada ere, momentu kritikoenetan baino ez gara konturatzen inguruan dauzkagun gizon zein emakume “feministen” benetako pentsaera eta izaerez. Esan dudan bezala, geroz eta kasu gehiago azaleratzen badira, gizartea ez da horren feminista izango hala? Batzuk behintzat feministaren maskararen atzean ederki ezkutatuta daude.

Hausnarketa falta da arazo nagusia; inork ezin du bere burua feministatzat hartu sekula ez bada ezer hausnartzen jarri. Hausnarketak dakar egoera hobeto ulertzea, eta ulertze horrek borroka nahi izatea. Kate horretan egin behar da lan, askok lehen eta bigarren urratsa salto egiten dituzte eta hirugarrenean jarri zuzenean, eta hori da arazoa hemen. Horregatik atera behar dugu kalera egun seinalatuetan, eta egunerokotasunean ere hortzak gogor erakutsi, ez dezatela borroka feminista lausotu eta asimilatzerik lortu. Erasotzaileei gerra egin behar diegu, eta gure feminista irudiaren itzalean bizitzen ez utzi. Botere ekonomiko eta interes politikoen eskuetan ez dadila erori behintzat. Denok kalera!