Ezin etxetik kanpo jan

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Orbegozo Borda 2019ko uzt. 17a, 19:20

Egungo garaietan elikadura geroz eta anitzagoa izanik, jatetxeek ezinbestean aukera sorta zabaltzea beste aukerarik ez dute. Glutenik gabeko janaria, behi esnea laktosarik gabea, fruitu lehorrik gabeko entsalada eta postreak... Karta geroz eta zabalagoak eta aldi berean murritzagoak ditugu. 

Zailtasun ugari izaten ditugu barazkijaleok kanpoan jan behar dugun bakoitzean. Lehen plateretan, entsalada eta tortila patata bokadiloa izaten dugu; bigarren platera gehienetan zerbait aparteko edo berezia eskatu behar denetariko haragi eta arrainak zerrendan guretzat ezer izaten ez delako. Postrea iritsi zain egon behar beti. Beganoen kasuan hori ere ez. Puntu honetara iritsita eskerrak eman beharrean nago Usurbilgo Jai Batzordeari, nire beharretara egokitutako menua prestatzeagatik inolako arazorik jarri gabe. Entsalada, barazki nahaspila, hanburgesak eta postrea. Ezin gehiago eskatu. Denen beharretara egokitutako menuak prestatzeko prestutasuna eskertzen dugu barazkijaleok, bai intolerantziak dituztenek ere. Herriko jatetxe batzuetako menu beganoak ere gogora ekarri nahi nituzke. Ez dute inolako inbidiarik ematen txuleta eta bakailao tortilak halako jaki gozoak janda. Orojalea banintz ere, beganora joko nuke zenbaitetan. Ezinhobea.

Jatetxeetan gauzak pixkanaka aldatzen badoaz ere, Usurbilen denontzat aukera zabalagoak beharko lirateke. Geroz eta barazkijale eta begano gehiago gara. Azken urteetan gora egin du barazkietan oinarritutako dietak egiten dituztenen kopuruak eta hori tabernetan islatu beharra dago. Aparte jaten ematekoak dirudigu oraindik ere barazkijaleok, beti aukera berdinak egitera behartuta. Lehenengo entsalada bat, ondoren espreski prestaturiko txanpinoi nahaskia edo, eta gero postrea. Ez da beste aukerarik. Nire lagun taldean ez da erraza kanpoan jatea, barazkijale bat eta zeliaka bat ditugu. Festetan azkar batean jateko bokadiloak eskatu behar direnean esaterako, nik tortila patata jan behar, eta lagunak dena delakoa baina platerean: ogirik gabe. Argaltzeko edota muskuluak indartzeko dieta bereziak egiten dituztenak ere beti izaten dira talde guztietan. Arroza eta oilaskoa baino jan ezin dituena edo entsalada bat besterik jan nahi ez duena. Gurean horrelako muturreko dieta daramanik ez daukagu orain momentuan, baina tira. Horren zaila al da glutenik gabeko ogiak aukeran ematea, laktosarik gabeko esnea edo animali jatorria ez duena edo haragi eta arrainik ez duten milaka milaka errezetatik baten batzuk aukeran jartzea?

Beldurrez joan behar dugu oraindik ere lagunen batek galdetzean: “Zer gaur kanpoan afalduko dugu? “.  Betikoa jateko prestatu behar. Behin bigarren plateretan aukerarik ez dagoela ikusita, apartekoak eskatzen hasi behar. Beste planeta batetik etorritako estralurtarrak bagina bezala. Azalpenak eman behar beti. Munduan dozenaka kultura barazkijale daude, eta beraz, milaka errezeta. Ohiko argudioa izan ohi da zaila dela barazki eta zerealetan oinarritutako jakiak prestatzea. Neurri handi batean euskaldunon jateko ohituran haragi eta arrain freskoa ia platera guztien izarrak dira, baina haratago begiratzen ikasi behar dugu. Asiako herrialde askotan biztanleriaren gehiengoa barazkijalea da eta horrek ez du oztopatzen gastronomia zabal eta oparoa izatea. Lurrak ematen dizkigun hainbat produktu erabili ere ez ditugu egiten; batzuetan ezagutu ere egiten ez ditugulako eta besteetan erosokeriaren ondorioz. Supermerkatuak ezezagunak zaizkigun fruta, barazki eta zerealez beteta daude eta egun, horiek prestatzeko milaka errezeta daude interneten. Orduan ba al dago benetako arazorik taberna eta jatetxeen eskaintzak  zabaltzeko? Utzikeriaz gain, esan nahi dut...