Ustekabeko aukera eta berri aldrebesak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Aburruza 2020ko mar. 24a, 11:10

Inauterietako ostegun gizena zen, eta han nengoen ni Donostiko Amara parkean, zaintzen ditudan bi haurrekin eta euren lagun eta gurasoekin, mezua jaso nuenean.

Imanol zela esan zidan, NOAUA!ko koordinatzailea eta proposamen batengatik deitzen zidala. Aldizkarian lan egiteko eskaintza egin zidan, baina hasiera batean ezezkoa esan nion. Ez dakit, beldurragatik izan zen, momentuko sorpresarengatik, momentu egokia ez zela pentsatu nuelako… ez dakit. Baina, bati eta besteari komentatu eta, orduan, nik hartu nuen Imanoli deitzeko erabakia. Lasaiago nengoela deitu nion, nire egoera zein zen azaldu nion; goizetan unibertsitatera joaten nintzela eta arratsaldez umeak zaintzen nituela. Beraz, ea nik egin beharrekoa nola izango litzatekeen galdetu eta erabakia hartu nuen, baiezkoa izan zen.

Egia esan apur bat larriturik jarraitzen nuen. Izan ere, buruari bueltak ematen jardun nintzen ea denbora nondik aterako nuen pentsatzen: klaseak, unibertsitateko lanak, GRALa (Gradu Amaierako Lana), arratsaldetan umeak… Hala ere, nire buruarengan sinistu eta hau guztia egiteko gai izango nintzela pentsatu nuen, gainera denboraldi baterako zela pentsatzeak ere lagundu zidan. Idaztea gustatzen zait, eta bestalde, umeak zaintzearekin irabazten nuen diruaz gain, NOAUA!koa ere ondo etorriko zitzaidala pentsatzen nuen. Beraz, hemen nago jada nire bigarren iritzi artikulua idazten.

Orain pentsatzen jarrita, eskerrak baiezkoa esan nuela! Munduan biraka dabilen gaitz hau etorri baita, eta orain, ez nabil umeak zaintzen. Horrek esan nahi du, eurak zaintzen irabazten dudan diru hori ez dudala. Eta bai, diruak arduratzen nau. Nire aburuz, denoi arduratzen digun moduan. Badaramagu denbora bat etxean sartuta, Idoia Torregaraik bere Twitter kontuan jartzen zuen moduan: “Txori bat pausatu da leiho-ertzean. Begira geratu zait. Orain ni naiz kaiolan dagoena”.  Bai, gu gara orain kaioletan sartuta gaudenak, eta zein zaila ari zaigun egiten etxean geratu behar izate hau. Eta, ez dakit oso kontziente garen, baina honek luzerako izango delakoaren itxura du, zoritxarrez.

Unibertsitatean, hau dena pasako zela atzematen genuenean, irakasleek esaten ziguten lasai egoteko, denbora gehiago izango genuela lanak aurreratzeko. Baina, orain goizetan klase birtualak ditugu, beraz, hor egon behar dugu, lan gehiago bidaltzen dizkigute eta lan horiek egin behar ditugu. Orduan, non dago lan horiek egiteko denbora gehiago? Lan gehiago bidaltzen baduzue? Nahiz eta etxeetan sartuta egon, bizitza bat badugula iruditzen zait, eta ezin dugula eguneko ordu guztietan unibertsitatearen menpe egon; bertako klaseak entzun eta horietarako lanak burutzen. Baina, ez dago besterik; denbora ahal den bezala gestionatu eta lanak egiteaz gain denbora “libre” piska bat lortu zuretzako.

Gogoratzen naiz, haurra nintzenean beti helduek egiten zituzten gauzak egin nahi izaten genituela; sukaldean ibili, umeak zaindu, supermerkatuko edo ileapaindegiko langilea izan… Eta orain gauden egoeran egonda, ez al zenukete nahiko lehen zineten haur horiek izan? Egia da umeak ere aspertzen direla gu bezalaxe etxean, baina beraien inkontzientean bizitzea ez legoke gaizki momentu batzuetan. Eurak zerbait gaizki doala konturatuko dira, noski, baina ez etxeetan, lanera joan gabe geratzeak benetan duen larritasunaz.

Beraz, nire gomendioa, momentu batzuetan bada ere, igarotzen ari garen egoera zail honetaz ahaztea da, eta barruan dugun ume hori ateratzea, eguneroko momentu txikienak ere disfrutatzeko gonbita egitea, denoi animoak bidaliz.