Larunbat bat konfinaturik

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Aburruza 2020ko api. 2a, 08:43

Isolatuta gaudela pentsatzen dugun une zail hauetan, buruari buelta batzuk eman beharko genizkioke. Gaur egun, mugikorrak dauzkagu, ordenagailuak, Interneta… Orain, jarri pentsatzen horrelakorik izango ez bagenu, nolakoa izango litzatekeen konfinamentu hau. Eta, hala ere, badira egun hauek gailurik gabe pasatzen ari direnak. Esaterako, aiton-amonak.

9:00 Esnatu eta lehendabizi mugikorra begiratu dut. Beste larunbat normal batekin alderatuta, goiz esnatu naiz. Baina, tira, ez dut logurarik, deskantsatuta nago. Berriz ere, eguraldi ona, baina etxean geratu behar beste egun batez. Mutil-lagunak prestatutakoa gosaltzera noa.

10:00 Larunbata izanda, ez dut unibertsitateko lanak egiteko gogorik, baina, orain egin ezean, beste momenturen batean egin beharko ditut. Beraz, gutxi falta zaidan lan horri ekin diot.

11:00 Nahiko azkar bukatu dut lana. Mutila bizikletan ari den bitartean, amari deitu diot, edozer kontatzeko. Etxekoei egunean bitan edo gehiagotan deitzen diedala kontuan izanda, edozer esaten diogu batak besteari.

12:00 Ama, aita eta anaiarekin hitz egin dut eta apur bat luzatu zait deia. Konturatzerako 12ak dira, ze ondo! Baina, orain zer? Youtuben ariketa batzuk aurkitu eta hori egitea otu zaigu mutilari eta bioi. Berak, ia egunero zerbait egiten du, baina nik… Unibertsitateko klaseak eta lanak direla eta ez direla, gogorik gabe egoten naiz. Baina, gaur, kirola egin nahi dut. Modan dago.

13:00 Dutxara joateko ordua da. Lehenengo zein joan erabakitzeko, ariketekin asmatutako apustu bat egin dugu. Itxarotea tokatu zait. Bitartean, mugikorra hartu eta Instagram, Facebook, Twitter… begiratzen aritu naiz. Larunbat normal batean kalean egongo ginen; Aitzagan, zurito bat eta azeitunak jaten, lagunekin, lehengusuekin. Zenbat botatzen dudan faltan eguzkitan, kaleko terrazan, lagunekin zerbait hartzen egotea.

14:00 Dutxatuta, bazkaria jartzeko ordua da. Ravioli gutxi batzuk daude eta makarroi batzuk. Ravioliak karbonara erara jarri eta gutxi zela iruditu zaigunez, makarroiak ere prestatu ditugu tomate eta gaztarekin, labean.

15:00 Eguraldi ona aprobetxatuta, balkoian mahaia prestatu eta bertan bazkaldu dugu, Aste Santuan genituen planak gogoratzen aritu gara, eta gure udako planarekin ea zer egingo dugun pentsatzen. Bertan behera geratuko al da? Edo joateko aukerarik izango al dugu?

16:00 Mahaia jaso, gauzak garbitu eta hamaketan etzan gara musika lagun.

17:00 Lo hartu dugu eguzkiaren berotasunarekin.

18:00 Haize freskoarekin esnatu gara. Hamakak jaso eta bizkotxo bat egiten ari garen bitartean, gauean zer ikusiko dugun erabakitzen hasi gara. Pelikula bat, serie berri bat… Edo, egun hauetan ikusten ari garen EITBko “Pilotari” telesaila amaitu eta gero hasi zerbait berriarekin.

19:00 Usurbilgo Artixten saioa hastear da Instagramen. Bizkotxoa labean sartu dugula aprobetxatuta, Ione Iruretagoienaren zuzenekoa noiz hasiko zain gaude.

20:00 Bizkotxo ederra atera zaigu. Lagunei, etxekoei, lehengusuei argazkia bidali diegu inbidia pixka bat emateko. Orain txalo  egiteko ordua da, unibertsitateko lagunekin Skypetik hitz egiten ari naizen bitartean. Horrela, herri bakoitzean larunbatetako txaloak nolakoak izaten diren ikusteko aukera dugu, eta txaloen ostean zer nolako “festa” sortzen den ikusteko aukera. Beste behin, hunkituta amaitu dugu. Zein polita den denok gauza berdin batengatik batu eta guregatik, ezagutzen ez ditugunengatik, lanean ari diren horiei txalo zaparrada bat bidaltzea.

21:00 Txaloen ondoren musika… eta hau luzatzen doa. Baina, ez ahaztu, larunbata da.

22:00 Afaria jartzeko ordua. Sandwich mixto batzuekin nahikoa, postrerako bizkotxoa daukagu. Gainera, oraindik, bazkariko betekada pixka bat daukagu. Bai, azkenean jarritako guztia gehiegi zen.

23:00 Afalduta, azkenean “Pilotari” telesailarekin jarraitu dugu. Larunbata, eguraldi ona, eta gu, etxean. Lagunekin, berriz,  parranda eder bat noiz botako amesten.

00:00 Telesaila amaitu arte esna jarraituko dugu.