Bainatarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2020ko urt. 21a, 17:02

Jonjon katu esataria da. Pagotxa irratian, 12 pm eta 13 pm bitartean, Baina izeneko magazina gidatzen du, eta albo batera utzirik eskuartean dutena, denetariko entzuleak adi-adi biltzen ditu uhinen antipodetan; batzuk, kuriositatearen harra asetze aldera, besteak, morboaren antsiaz.

 

Behin “Agur eta egun miautsua izan dezazuela” esanda, etxera joaten da biharamuneko saioa prestatzera.

Edozein une izanik ere aproposa material freskoa biltzeko, ilunabarretik hasi eta gauaren tripak isildu arterakoa du atseginen.

Bere furgonetan erronda hasi du uhin guztiak grabatzen dituen tramankulua piztuta. Mikelek eztabaida sutsua izan omen du pin-ponak komunikabideetan duen ikusgarritan eza salatuz. Miren gogoarekin eta sabaiari begira utzi du lotan den mutilak. Mertxek bizipoz guztia agertzen du betiko aurpegi zargaldua daramaten gizonezkoei inoiz ohiturak aldatzea planteatu duten galdetzean. Xabier  Japoniara oporretara doanez, wari eta moushiwake arimasen artean dauden barkamena eskatzeko hamaika forma ikasi ditu. Iratik munduko txoko guztiak ikusi dituenaren apologia egiten du. Eñaut izan da posta zerbitzuaren bidez  droga trafikoan aritzea leporatuta atxilotu dutena. Iratxek, bizitzeko tarterik hartu gabe, Faktoria auzolanean eta auzolanerako nola garatu diseinatzen daramatza gauak eta egunak. Julenek zortzi zifrako saria irabazi du. Maitanek gazteriak pentsiodunekin batera borrokatu behar duela dioen bideo bat elkarbanatu du. Iñakik benetako ezker ideologiaren aldarria Kapitala aireratuz egiten du manifa bakoitzaren bezperan. Ekialdeko gatazken tragediak hunkidura handiz kontatzen ditu Karlosek “Mugaz gaindi” izeneko blogean. Eneko kexu da mundu globalizatuan bizi duen kontrol absurdoagatik. Ikerrek bere gailur denen zerrenda amaigabea egin die lagunei. Amaiak norbere burua maitatzearen eta onartzearen inguruko mezu kursiak goizero bidaltzen dizkie lagunei. Imanolek ez erretzaile izatearen onurak edozein elkarrizketetan txertatzen ditu.

Baina gizonezkoen futbolari espazioa kendu, eta etetete, geldi txo! Baina dardara luze baten hasperenak esnatu du, eta: “lasai gizona, ez da izan ametsa besterik”. Baina intentzio zipitzik ez, eta gosaritarako ardoa gailetekin zerbitzatzen die. Baina aurreko batean bi turista asiar begirada hutsarekin mespretxatu zituen bere egunerokoa nahasi zutenaren aitzakian. Baina hotel eta toki turistikoez gain, leku gehiago ez ditu ezagutzen. Baina Eñaut dela zabaldu duena poliziarekin konpintxatutako ofizioko beste bat izan da. Baina betiko lau katu beltzak elkartuko dira utopia aurrera eramateko. Baina tragaperrasean ibiltzearen kausa den patriketan daraman galerak laukoizten du zenbakia. Baina txirrisklasa bere limoi azal eta izotzarekin eskutan, urrunegi ikusten du bere pentsioagatik borrokatzeko eguna. Baina lo geratu da enegarren aldiz lehen orrialdea irakurtzen hasitakoan. Baina enpatiak badu mugarik: bere konforta susmagarriki mugitzen hastean. Baina egunean zehar egiten duen guztiaren berri bitan pentsatu gabe ematen du sarean. Baina gailur horiei buruz dakien guztia aspaldi irakurritako liburu ilustratu baten bidez daki. Baina ispiluen aurrean gorroto eta nazka keinuak besterik ez ditu irudikatzen. Baina hamar urtez inguruko denak erretzera bultzatzen zituena izan zen. Tramankulua itzaltzearekin, erronda amaitutzat jo du.

Biharamunean, hain berea duen esaldiarekin eman dio hasiera saioari: “Etxekoek erakutsi ziguten egia denaren aurretik behar zela, baina zehaztu gabe ehunekoa. Zer ginateke, bestela, kontraesanik gabe?”