Laztan beharrean direnena

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2020ko aza. 4a, 08:59

Galtza motxetan, erromantizismoz beterik edota zahartzaroan sarturik, maitasunez beharrean laztan beharrean hiltzen direnen istorioa kontatu nahi dizuet, egunkariek eta albistegiek ez baitute tarterik aurkitzen bihotz bakartien klubeko bazkideei buruz hitz egiteko.

Tragedia hau metropolitarrek ez dute ikusten, baina zer tragedia ezkutuan gertatzen ari dena! Eta esperpentikoena izaki baztertu hauen bizi ibilkera bera da. Kontatuko dizuet bere identitatea itzal beltzaren atzean ezkutatu nahi izan zuen baten esperientzia. Bere klabe izena: Mr. Gwyn.

Kaixomaitia, txat, tinder, sare sozial, ke seinale eta ausazko helbideetara bidalitako eskutitzek izan omen zuten bere jardunean erantzunik. Interesatu batek gonbita onartu zion, haragi beharrean zela. Arazo bat parez-pare, ordea: bi herri ezberdinetan bizi ziren. Eta herri arteko giza trafikoa klase hori ez zuten agintariek onartzen. Beraiek ase dezaketenez euren gosea, pribilegio hori dutenak izorra dadila, ezta?

Galdera moralek bere pentsamendua konkistatu zuten. Zilegi ote? Eta burutik kanpo? Burutik kanpo polizia eta unitate berezi guztiak zelatan zeuden errepide bazterretan hosto eta adarrak gorputzera itsatsita kameleoiarena egiten; teleskopioa herri mugetara apuntatuz, mendi puntetatik abisua pasatzeko zain noiz paperik gabeko bat igaroko. Eta luzerako badoa, operazio berezia prestatzen ari dira teknologia aurreratuenarekin egindako sateliteak aireratzeko.

Galderak eta kontrolak tarteko, abenturan murgiltzea erabaki zuen. Autoa hartu eta bere herriko mugak gainditzeko asmotan jarri zen bidean. Bolantearen gainean eskuak urduri, hanka ezin geldirik eduki. “Pelikuletan legez kanpoko zerbait egiten dutenean bezala, lasaitu eta ohiko zerbait egiten ariko bazina bezala jokatu”, esanez bere buruari. Ehun metrora Ertzaintzaren kontrola. “Kaka!”

“Paperak”, ez egun on, ez mesedez. Etika horrela erakusten al dute Arkauten?

Mr. Gwynek merkatu beltzean eskuratutako faltsua pasa zion. “Beraz kopista zara. Eta zer egiten duzu zehatz mehatz?” “Ba interesatua nire tailerrera etortzen da, eta hainbat sesioren ondoren, bere erretratu fidelena egiten diot” “Ez duzu margolari itxurarik” “Ez, ez, erretratuak idatziz egiten ditut” Ertzainaren poema aurpegiari buruz hitzik ez esatea pentsatu zuen, eta hainbat datu kontrastatu ondoren, pasatzen utzi dio.

Iritsi da Mr. Gwyn interesatuarekin hitzartutako x lekura. Segurtasun distantzia noiz asaltatu zalantzan, aurrez aurreko aurkezpenak segurtasun tartearekin egin zituzten, batez ere fisikoaren eskaner azkar bat egiteko. Eta distantziak perspektiba aproposa eskaintzen zuen horretarako. Biak ados merkantziarekin. “Ekarri duzu?” “Kondoiak? Bai” “Ze kondoi eta ze hostia! Pezerrea diot, ekarri duzu?” Mr. Gwyn zuri-zuri geratu zen. “Osasuna denaren aurretik. Badakit gogoekin gaudela, baina pezerrerik gabe nirekin jai duzu”. Osakidetzara deitu zuen segituan. Lineak okupatuta hasieran, pezerrearen froga egiteko itxaron zerrenda dagoela gero. “Aizu, eta larru beharra patologia bat izan al daiteke?” Administrariak deia moztu zion.

Telefonoa sakelan sartu eta neskari begiratu zion, zeina eskuak gurutzatuta aurkitzen zen. Pezerrerik ezean, buelta erdia eman eta bere autoan sartu zen. “Negatibo ematen duzunean dei nazakezu”.

Mr. Gwyn sartu zen berean, etxera bidean ertzain bera. “Ondo erretratua?” “Ezagutzen duzu Behin batian Loiolan?” Eta etxean okela gosea ase zuen bitartean kantatuz kanpai jotze hau nahi dut eskaini maite ditugun emazteei une iheskorretan.