Sareak harrapatu ez gaitzan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2019ko ots. 19a, 13:45

Duela hamarkada bat edo gutxiago, pentsaezina irudituko zitzaigun, baina prentsa idatziak, telebistak edo irratiak duten komunikaziorako abiada aisa gainditu eta mundua norbere betaurrekoetatik erakusteko lidergoan dira egun sare sozialak. Hedabide “adinduagoek” haien uhin eta irudietan txertatu behar izan dituzte Twitter, Facebook eta abarrak, inkomunikazioaren sareetan ez jausteko.

Azken orduko albistea berehala baita historia gaur egun. Segundu gutxiko tartean gerta daiteke gaurkoa edo biharkoa, atzo izatea, pantailaz bestaldekoak eta alde honetakoak, gu alegia, adi ez bagabiltza.

Mundu zabal baina ez osoari irekitako informazio eta iritziak trukatzeko leiho handi hauek klik bakar batera ditugu gure ordenagailu, baina batez ere mugikorretan. Nahi dugun egunkaria, eguneko une zehatz batean irakurtzetik, une oro honek edo hark esandakoa irensteko aukera eskaintzen digute. Irenstea, sarritan mugarik gabe. Egun osoa, zizka-mizkak jaten pasako bagenu bezala, mimoz sukaldaturiko platera eder bat dastatzeko astia hartu beharrean.

Handik eta hemendik irakurri, ikusi, entzun… eta ezer gutxi barneratu. Zaila da sare sozialetan titularrak aurkitzea, eta errazagoa, milaka hari, istorio, argazki, eta injustizia artean galtzea. Azken xehetasuna ezagutzen dugu une oro, baina xehetasun horrekin geratzen gara, xehetasun horrek sinbolizatu edo ezkuta dezakeen errealitate sakonaz ahaztuta. Nabarmendu beharra duzu, sare sozialetan “norbait” izan nahi baduzu. Ezagutzen ez duzun munduari hitz egin, zure mezua norengana helduko den jakin gabe adierazi.

Eta zenbat aldiz husten den barrua sare sozialetan. Ezinegonak, frustrazioak bideratzeko hedabide ere badira. Hitza hartu nahi baitugu, ikusgarri egin, gure haserre eta poza partekatu, entzun edo kontuan har gaitzatela. Askotan galdetu gabe, erantzun asko begi bistan uzten dituzte sareek. Agerian baita, barne-barnekoak ditugun pentsamendu, sentipenak edota jokabideak. Sarritan inkontzienteki baina halere klik bakar batekin, modu inkontrolatuan bidegabeki zabaldutako mezuak.

Eta sareetan harrapatuak gaudelako gustura egongo denik ere egongo da. Mundu birtualean entretenituta eta katetuak gabiltzan artean, munduak bere nahierara jira eta buelta egitea nahiko duenik izango da. Halere, burua jaitsita goaz kaletik, mugikorrari begira. Begirada altxa eta aurrean duguna ez ikusteraino, edo aurrekoarekin tupust egiteraino. Pantaila bidez ikusi eta bizi duguna, bizi eta ikusteko gai ez gara pantailatik kanpo, edo ezikusiarena egiten dugu.

Asko ari dira erakusten sare sozialak, txiokatu edo nork bere horman idatzitako “postek”, hitz edo irudien bidez agertzen duten horretatik haratago. Lerro artean irakurtzen hasiz gero, agerikoa da. Birtualtasunetik kanpo lanketa sakona egiteko bidea irekitzen duena. Inoiz jorratu beharreko bidea, egunen batean, guztiz burumakur eta inkomunikazioaren sareetan harrapatuta, kateatuta amaitu nahi ez badugu behintzat.