Ebidentzia ukaezina

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2019ko ira. 17a, 16:54

Irudikatu une batez astebetez dutxatu gabe izan eta esajeratzen hasita, gainera 20 kilometroko itzulia eman berri duzula. Zure ingurura norbait hurbiltzen dela eta zuk “bost zenbakidun txanela” botata atera zarela etxetik erantzuten diozula. Irudikatu, uda giro betean, elikagaien bat etxean usteltze puntuan duzula.

Edo Atxegalde inguruan bizi, leihoak ireki, eta abuztuan izan ezik, urtean zehar une ezberdinetan garbigailutik atera berri duzun arroparen garbigarri usaina ere kendu diezaiokeen adinako kirats usaina sudur zuloetatik sartu eta etxeko leiho guztiak irekitzen dituzula kirats usain hau oheko maindireek ere usain “gozo” hau izateko.

Burugabekeria edo zentzugabekeria galanta ezta? Ba begira zer gertatu berri den. Esaldi bakar batean ezinhobeto laburbildu du. Bai, anekdota bat besterik ez da, argi izan. Izeberg-aren punta, baina pertsonen jarrera, izateko moduaz zeresana eman dezakeena.

Gogoan izan, atzera kontaketa betean jarri gaituzte. Urria erdialdean martxan (probaldi fasean) jarri nahi dute (kea dariola behin baino gehiagotan aritua da jada) Zubietako erraustegia. Bisita gidatu “turistiko” bat antolatu zieten hedabideei joan den ostiralean, ingurumenaren gune deitzen dioten, errausketaren zero gunera. Biometanizazio planta martxan dutela esateko, lanpostu eta argindar sortzaile izango dela eremua, abangoardiako azpiegitura sarea izango dela nabarmentzeko…

Eta “txanel 5” zenbakidun usainduna. Ez, azken hau neronek asmatutakoa da noski. Baina ez da oso urrun. Atxegalde aldean orain hainbat urte bezala, hasi gara Zubieta gainean ere ebidentzia hutsa dena ukatzen. Begira bestela joan den asteko bisita gidatu turistikora gonbidatu zuten kazetari batek bere kronikan hitzez hitz jasotakoa. “Sistema garbia dela eta ez duela usaintzen aipatu zuen Kontsortzioko presidenteak (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Jose Ignacio Asensiori buruz ari da), baina guk behintzat usaina sumatu genuen”.

Erraustegia sakon ebaki duten ingurune ederraren koloreko ingurumen gune bilakatu nahi badute ere, tximinia izan arren isuriko duen kea ezkutatu nahi badute ere, usainik gabekoa izango dela ziurtatu arren… Gezurra gezurraren gainean eraiki nahi arren, egia ezin ezkutatu. Balorazio energetikoko planta erraustegia izan da betidanik, kea beti kea, eta usaina kiratsa. Hori da etor dakigukeena. Hori guztia, larrialdi klimatikoaren aldarria eta kezka bolo-bolo kalean dabilenean. Europak martxan jar dezakeen azken erraustegia Zubietakoa izan daitekeenean… Historikoa gainera.

Goian dugu erraustegia, eta aldaketarik ez bada, goitik behera ikusi eta arnastu beharko dugu gutxi barru. Goian agintariak, behean herria. Kasualitatea? Zubietakoa tartean. Duintasun eta ausardia osoz, goikoek derrigorrez egitera behartuak egon arren egin ez duten hori egiten; piztear duten erraustegiak jaurtiko dituen kutsagaien inguruko azterlana bideratzen, nazioarteko zientzialarien laguntzaz. Adi egon beharko emaitzei, eta batez ere eremu ederra izan arren, oraintxe bertan begiratu nahi ez dudan goialde horretara begira egon behar orain. Hortik etor daiteke urte luzeetako albiste kirasdun nagusia.