Irentsi ezinezko egunak

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2019ko urr. 17a, 09:57

Larunbat goizez etxe ataritik kalera atera eta ezohiko lasaitasuna. Handik gutxira gogorarazi zidan okinak; harridura aurpegi horrekin despistatu samar ikusten zuen laugarren bezeroa nintzela. Eta ez farola baten aurka jo nuelako (besteren batek bezala). Urriak 12 zituen, igandez jantzitako larunbata zen.

Espainia, armada, militarren indarra “goresteko” eguna batzuentzat. Egutegiari begira jarri eta 2019an oraindik larunbat hori gorriz seinalatua nolatan ageri den ulertezina zaiguna besteontzat. Hau, eta gorriz seinalaturiko urteko gainerako egunak. Hauek ere estatuak finkatu eta irentsi behar ditugun jai egunak. Honetan ere ondo legoke, euskal egutegi propioa izatea; urteko jai egunak ere etxetik bertatik kudeatu ahal izatea eta, abenduaren 3a  (Euskararen Eguna) jai egun nazionala izendatzea erabaki ahal izatea, adibidez. 

Baina erabaki? Nola ba? Erreparatu bestela irentsi ezinezkoak izaten ari diren egun hauei. Mila egunetik gora espetxean daramaten Altsasuko gazteen aurkako epai bidegabea lehenik, 100 urtera zigortu dituzten Kataluniako buruzagi independentistak bestetik. Taberna bateko liskar batengatik kasu batean, bestean herriari bere etorkizunaz erabakitzeko hitza emateagatik. Hasiera batean bi egoera ezberdin, baina sakonean hari berak lotzen dituen bi mutur.

Ez da kasualitatea Altsasuz oroitzean Katalunia gogoan izatea, edo Katalunia burura eta bihotzera datorkigunean Altsasukoek ere buru eta bihotzetik oroitzea. Batzuek zein besteek, Euskal Herrian hamarkada luzez bizi izan dugun moduan, horma berarekin topo egin baitute aurrez aurre; “ukitu” ezin den Espainia bakar eta itxuraz “batuarekin”. Eta “espainiartasunaren” ikur diren Konstituzioa, indar armatuak... Urriaren 12an (norbaitek farolaren batetik zintzilik amaitu arren) antzeztu nahi izan zuten moduan, hori baita Espainiak egun existitzeko duen interes edo zentzu bakarra. Toxikoki, baina batuta mantentzea, behartuta, derrigortuta bada ere.

Ahoa itxita eta burumakur egon artean, ez da deus gertatzen. “Normaltasun” batean bizi da “estatua”. “Estatuak” herri desberdinekin duen mendeetako gatazka azaleratzen den unean ordea, une zailetan gertatu ohi den moduan, norbera den modukoa agertzen da. Espainiaren kasuan, prozesu terapeutiko sakona behar lukeen estatua litzateke, “osasun” demokratikoaz ari bagara. Egun hauei erreparatu besterik ez dago.

Soilik haienak diren interesak asetzeko nahi gaituzte. Eta kontuz, gurea sentitzen ez dugun etxe horretatik joan nahi izanez gero, planteatze hutsarekin, burutazio soil bat aski izaten da; eta atea krisketarekin ixten digute. Halakoetan argi denez, albokoa mendean hartu nahi duenak, ez du maitasun jarrera handirik erakusten. Nola edo ahala indarrez batuta eta kateatuak izan nahi dituen estatua, bere horretan indartsu agertzen bada ere, ahulezia nabaria du.

Espainiak badu kasketa ematen dion haur txikiaren antza. Azken urteotan Kataluniarekin agerian gera–tzen ari eta onartezina zaion errealitate bat; ezin du onartu, bere bizkar inor bere bizi proiektu propioa garatzen ikustea. Inork haien menpeko eremutik at bide propioa jorratzen ikustea. Ez du onar–tzen, eta itxuraz ez du onartuko. Bizi dugun egoera ondo baino hobeto laburbiltzen zuen Gure Eskuk asteleheneko mobilizazioan plazaratu zuen adierazpenak: larrialdi demokratikoan gara.

Eta bistan denez hala segiko dugu. Espainiatik besterik ezin daiteke espero; irentsi ezinezko egun gehiago.