Norabidez aldatu beharra, ezin dugu segi horrela

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2019ko abe. 10a, 17:51

Astebeteko tartean, bi une oso ezberdinetan pantaila handian eta hedabideetan izango dugu Usurbil. Lehenengoa igaro da. Une gozoa. Irri gozo bat marraztu zion Usurbili igande gauean ETB-k eskainitako “Herri Txiki, Infernu Handi” saioko lan taldeak. Sagarra eta sagardoaren herria oroitarazi ziguten. Desagertu direnez, guk ezagutu ez ditugun paisaiak irudikatzeko aukera eman zigun saioak, Usurbilen jatorria gogorarazi edota herriko beste hainbat bitxikeria ezagutaraztearekin batera. Guztia, bertakoen, etxekoen ahotik. Herritarrak ikusi genituen, umore ezin hobeagoan arbasoengandik jasotako ondare ederrenetarikoa zuten etxeko hizkuntzan hizketan, Usurbil Euskal Herriari erakusten.

Saioa bera, herri askorentzat jende askorengana heltzeko erakusleihoan bilakatu da.

Irri egiteko uneak topera bizi beharrak omen daude, sarritan ez dute eta luzaroan irauten. Kasu argia dugu honakoa ere. Igandean, ETB-ko saio batengatik Usurbil pantaila handian proiektatu bazuten, hedabide hainbaten lerroburuetara itzuliko da berriro herri hau egun eta hilabeteotan, bestelako arrazoi ilunagoengatik.

SOS deia egin dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoari. Laguntza eta babes eskaera gipuzkoarrei, erraustegia probaldi fasean martxan jarri duten honetan, ingurumen, osasun eta ekonomiaz kezkatuta eta ezinegon handiak bultzatuta. Kezka eta ezinegon hau kaleratuko dute herri honetako lagunek nahiz bertaratuko diren bisitariek ostiral iluntzeko 19:00etan udaletxe ataritik abiatuko den manifestazioan.

SOS deia hizki larriz idatzi beharra dago, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean jarri baitzuten martxan erraustegia probaldi fasean. Deklarazio eremu horretatik salbuetsiak ote gaude Gipuzkoan? Etorkizunean ekar ditzakeen bestelako eragin/kalteen aurretik, jada mingarria da sakon ebakia dagoen Zubieta gainari kea dariola ikustea. Nahi eta behar ez dugunean, ez Zubietan ezta beste inon ere. Keak ez baitakar etorkizun itxaropentsurik, alferrik xahututako baliabideen deusezte kutsakorraren seinalea baino ez da. Gutxi batzuen borondatea beharrean mozorrotuarazi nahi diguten irudia. Egunero sufritu beharko duguna nahi izan edo ez, behar izan edo ez. Eta ezingo dugu beste aldera begiratu, aurrez aurre izango dugu lotsaren irudia. Lotsarik gabe, herri borondatearen aurka jarritako azpiegitura.

Herri txiki, infernu handi saioan iraganeko sagarrondoen herri Kaxko hartara bidaiatu genuen aurreko igandean. Birziklatze hitza ahotan hartu gabe, hondakinik ezagutzen ez zuten garaira, lurrak emandakotik bizi eta lurrari itzultzen zizkioten lehengaien arora. Plastikorik gabeko bizimodu hartara. Aurrera begiratu behar omen dela erakusten digute sarritan, aurrera jotzea berez aurrerantz, hobetzera egitea balitz bezala. 

Belaunaldi haien bizimodu eta jakinduria hartatik, eremuaren arabera neurri txiki edo handiagoan bistan denez, nabarmen aldendu gara. Eta orain larrialdi klimatikoan sakontzera garamatzan azpiegitura eraiki digute etxe ondoan. Bidean asko galdu dugu. Aurrera egin dugu, atzera begiratu gabe, kontrako noranzkoan gabiltzala jabetu ezinik edo nahi izan gabe. Baina galdutako guztia irabazteke dago. Norabidea aldatzeko alternatiba badu herri honek, erraustegia sustatu dutenek ukatu nahi izan baina goizago edo beranduago ukaezina suertatuko zaiena. Erraustegia modernoena izan arren, pizterako zaharkitua geratu baita. Entzungorrarena egin nahi duenak ere badaki jada, mundu osoan besterik ez baita entzuten; guztiok biziko bagara, ezin dugu segi horrela.