Egunero da martxoak 8

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Lizaso 2019ko mar. 15a, 16:57

Zirraragarria, polita, hunkigarria, indarberritzeko modukoa, goxoa, ilusioz betea… Eta jarrai nezake martxoaren 8a deskribatzeko hitzen zerrendarekin.

Greba bizitzako eremu guztietan kokatu genuen lanaren kontzeptua eraldatzeko, enplegutik haratago dagoena ere lana delako. Greba feministak bost ardatz zituen jo-puntuan: ikasleak, enplegua, pentsiodunak, kontsumoa eta zaintza. Modu batera edo bestera guztiak ukitzen saiatu ginen eta mamitsua izan zen.

Zoragarria izan zen goizean goizetik emakume* andana frontoira nola gerturatzen zen ikustea. Kaxkotik zehar egin genuen ibilbidetxoa; hamaika adin, errealitate eta esperientzia desberdinak ditugun emakumeok* borobiletan izan genituen solasaldiak eta hausnarketak; herrian zehar manifestaldi zaratatsua; argazki alaia eta, aldi berean, indartsua; tuper-bazkari elkarbanatua; mikrofono irekia poesia, kantu eta dantzekin; akelarrea eta Askatasun Plazako zaintza kolektiboko eremua. Borobil atera zen guzti-guztia.

Eguna euritan hasiagatik ere, eguzkia atera zitzaigun edo aterarazi genion, guztion artean.

Iazko greba feministaren eta mobilizazio masiboen ostean, ia mundu guztia bilakatu zen feminista. Emakumeon* aldarriez jabetzen saiatu dira hainbat alderdi politiko eta enpresa multinazional, nahiz eta euren jardunaren bidez andreon* askatasuna eta eskubideak auzitan jartzen dituzten egunero. Joera hori geldiarazten saiatu gara feministak aurtengo grebari begira. Eskaera politiko zehatzak egin ditugu eta nabarmen utzi dugu feminismoaren izaera antikapitalista, intersekzionala eta internazionalista. Bestela esanda, lehen lerroan jarri nahi dugu emakumeon* gehiengoaren ezinegonei eta zapalkuntzei erantzungo dien feminismoa. AEBtako mugimenduari jarraiki, %99aren feminismoa.

Aldarrikapenak martxoaren 8an ez ezik, urteko 365 egunetan ere badute lekua. Nork bere inguruan eragin ditzake aldaketak, eman aurrerapausoak. Inurri lanean, pixkanaka, baina etenik gabe. Etengabe. Soilik horrela lortuko baititugu goizeko ariketan zenbaitetan aipatu genituen egoera injustuak justuago bilakatzea, bizitzak bizigarriagoak eta duinak egitea, guztiontzat.

Egunero da martxoak 8, nahiz eta batzuetan nahi baino malkartsuagoa den bidea. Gogoratu, eguna euritan hasiagatik ere, guztion artean, ateraraz dezakegu eguzkia. Elkarrekin konspira dezakegu, ametsei forma eman diezaiekegu eta maldak guztion artean igo ditzakegu. Horregatik, deitu dugu datorren ostegunean, martxoaren 21ean, 18:30tan Potxoenean balorazio bilera irekia, batzeko. Batu gaitezen egun hori antolatzen aritu ginenok, egunean parte hartu genuenok eta bertaratu ezin izan genuenok, guzti-guztiek dugu lekua eta zeresana bilera horretan.