(Elkar)lanean hasteko garaia heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ubeda 2019ko eka. 6a, 17:06

Hauteskunde kanpaina bukatzearekin bat amaitu zen promesak egiteko garaia. Botoa emateko eguna iritsi zenean, herritarrek euren hautua egin zuten. Emaitza: duela lau urtekoaren parekoa. 

Lehen ondorioa begibistakoa da. Xabier Arregik gidatu duen udal gobernuaren kudeaketa ontzat eman du gehiengoak. Eta aurrera begira, bide beretik jarraitzeko borondatea agertu du. 

Jeltzaleek eta sozialistek gora egin dute, modu apalean izan bada ere. Euren hautesleen konfiantza berretsi duten seinale.

Esan dugu. Promesak egiteko epea atzean geratu zen, herritarrek euren hautua egin zuten eta orain lanean hasteko garaia heldu da. Edo elkarlanean. Zergatik ez? 

Azken hamarkadetako giro politikoa ez da batere samurra izan eta botila erdi hutsik ikusteko arrazoi ugari zeuden. Zorionez, giroa baretzen joan da eta orain botila erdi beteta ikusteko arrazoiak ditut. Azken asteotan NOAUA!n irakurritakoak eraman nau baikortasun moduko honetara. Baina ez naiz borondate kontuaz bakarrik ari. Hiru alderdi nagusien hautes-programetan bateragarri diren proposamenak daudela esango nuke.

Diferentziekin hasiko naiz. Usurbilgo EH Bildu eta EAJ-PNVrenhautes-programak eskutan, bi dira salbaezinak diruditen gaiak. Hondakinen kudeaketari lotuta dago bat; hezkuntza arloari dagokio bestea.

Alderdi jeltzaleak onartzen du “Usurbil aitzindari izan dela hondakin bilketan”, baina sistema berraztertzea proposatzen zuen hautes-programan. “Modu eraginkor eta merkeago” baten alde dago Josune Urkolak gidatzen duen alderdia. Udal aurrekontua merketuko lukeena, zehaztapen gehiagorik eman gabe. Bosgarren edukiontzia ezartzeaz ari da akaso? 

EH Bilduk ordea, eredutzat du egungo bilketa sistema. “Herri-konpromisoari esker, %85eko gaikako bilketa lortu dugu, eta Usurbil 0.0 programaren helburuei erreparatuz, are bikainagoak izango dira emaitzak”, hala zioen Agurtzane Solaberrietak NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan. Emaitzak eskuetan eta erraustegia muturren aurrean, ez dirudi EH Bilduk atez atekoa bertan behera utziko duenik. Alderantziz.

Euskal eskola publikoarentzat lur eremu bat zehaztu eta erreserbatzea eskatzen du EAJ-PNVk. Ez da berria. Aurretik ere antzeko eskakizunik egin du. Sozialistak ere iritzi berekoak izan dira beti. EH Bilduk ordea, ez du horren premiarik ikusten. Oraingoz ez behintzat.

Bi kontu horiez haratago, adostasunerako eremu zabalak ikusten ditut. EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk egin dituzten gainerako proposamenak zerrendatu ditut. Ez ditut alderdika antolatu. Nahita. Ahaztu ditzagun siglak une batez. Hauek dira batzuk eta besteek eginiko proposamenak: “Usurbilgo sarrera nagusia berrantolatzea, auzoetako irisgarritasuna hobetzea, jarduera ekonomikoa bultzatzea, auzoak bertaratzea, errepideetako nahiz tren eremuetako puntu beltzak konpontzea, landa eremuetako bizi kalitatea hobetzea, kirol instalazioen gabeziari erantzun bat ematea, bizikidetza lantzea, autobus geltoki berria egitea, mugikortasuna hobetzea, Emakumeen Etxea sortzea, Txirikorda egitasmoa (belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa) bideratzea, Udala eta auzoen arteko harremana iraunkortzeko tresnak garatzea, aniztasunetik Usurbil kohesionatzea, kalitatezko enplegua sustatzea, berdintasunaren aldeko programak bideratzea, eraginkortasun energetikoarekin benetako konpromisoa hartzea, turismo-jarduera jasangarria bultzatzea, tokiko saltoki txikiak laguntzeko planak ezartzea, gizarte-politikei lehentasuna ematea, garraio publiko jasangarri baten aldeko apustu egitea...”.

Proposamenak banan bana hartzen baditugu, zentzudunak dirudite denak. Komunitate osoarentzat onuragarri. Alegia, neurri hauetako asko eta asko adostasunetik bideratzeko modukoak direla. 

Ez gara isolatuak bizi, ordea. Neurri hauetako asko martxan jarri ahal izateko, Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren onespena beharko litzateke. Baina gainontzeko instituzioetara konplizitate bila jo aurretik herri mailan aliantza sendo bat eratuko balitz, bide erdia egina legoke. 

Ez naiz berria. Badakit gauzak ez direla hain sinpleak. Disneyk erakutsi izan dizkigun amaiera zoriontsuak soilik zinema pantailetan ematen direla. Errealitatean askoz konplexuagoa dela dena. Horren jakitun naiz. Alderdietan eta instituzioetan. Errazena ere konplikatzeko joera dugulako gizakiok. Urrutira joan gabe, gure etxeko portalean txorakerietan katramilatu izan gara maiz. Ez aurrera ez atzera. Pentsa. Dena den, udal ordezkari berriek halako borondatea erakutsi dute. Inpresio hori hartu nuen aurreko astean eskaini zizkiguten balorazioetan. Denborak esango du. Legealdia emankorra bezain arina izan dadila behintzat.