Atal berriak begibistan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ubeda 2019ko aza. 28a, 10:45

Tokikom euskarazko 66 herri komunikabidek osatutako sarea da. Gehienak 1980ko hamarkadaren bukaera aldera sortu ziren, tokiko euskara elkarteen loraldiaren testuinguruan, euskara zabaldu eta normalizatzeko tresna gisa. NOAUA!  aldizkaria zein web orrialdea Tokikom sarearen parte dira.

Plazan Bazan

Tokikomek zerbitzu asko eskaintzen ditu. Tartean, Plazan bazan izenekoa. Haurrei zuzenduriko web orrialde honek bere isla du Tokikomeko paperezko hainbat hedabideetan. Abendutik aurrera, NOAUA! ere Plazan bazan ekimenaren ispilu izango da. 

Euskal komunikabideen etorkizuna bermatu nahi badugu, funtsezkoa da gaur egungo umeek haien berri izatea, haietan parte hartzeko eta protagonista izateko aukerak ematea. Komunikabideok beraienak ere badirela sentiaraztea. Horretarako, eta bide batez, gure haurren izpiritu kritiko eta parte hartzailea elikatzeko abiatu zen Plazan bazan.

Umeei eskainitako atal hau hilabetean behin plazaratuko dugu NOAUA!n: jolasak, errezetak, eskulanak... Lehen aletxoa laster batean ikusiko duzue orriotan.

 

Hamalau? Gerturatu eta lau!

Ez da NOAUA!ren baitan sumatuko duzuen aldaketa bakarra izango. Urtea amaitu aurretik atal berri gehiago ipiniko ditugu martxan. Aste honetan bertan, lehenaz gozatzeko aukera duzue. Hamalau? Gerturatu eta lau! izeneko atal berrian, lau lagun arituko dira iritzi-emaile lanetan. Modu errotatiboan jardungo dute eta paperean (NOAUA! astekarian) ez ezik,  sarean ere (noaua.eus web orrialdeko Komunitatea atalean) emango dugu argitara.

Lehen errondarako, lau sinadura hauek batu ditugu: Ainhoa Azpirotz, Idoia Torregarai, Ugaitz Agirre eta Alazne Arruti. Zenbaki honen 17. orrialdera jo eta hortxe topatuko duzue Alazneren iruzkina.

 

Horoskopoa

Garai aldrebes hauei aurre egiteko, umorea bidelagun garrantzitsua izango ahal da. Paperezko hedabideetan ohikoa den atal bat ekarriko dugu gurera: Horoskopoa! Barretartiak egina, abenduan plazaratuko dugu lehena. Ainara Azpiazu Axpi marrazkilariak ilustratu ditu horoskopoko zeinuak.

 

Ilustrazioak

Axpiz gain, beste marrazkilari bat ere fitxatu dugu. Joseba Larratxek ilustratu du Euskaraldiaren inguruan plazaratu berri dugun gehigarriko azala. Aurrerantzean, NOAUA!ko gehigarri berezietako portadek ere, Joseba Larratxeren ukitua izango dute.

Egitasmo berriak ez dira aldizkarira mugatuko. Ikusentzunezko lanen bitartez, bultzada bat eman nahi diogu noaua.eus web orrialdeari. Aparteko argitalpenik ere izango da urtea amaitu aurretik. Laster jasoko duzue berri gehiago.