Zero kilometroa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ubeda 2020ko eka. 4a, 07:58

Konfinamendua ezarri zenean, tokiko hedabideon jarduera ere funtsezkotzat jo zen. Elementu guztien kontra, hortxe aritu gara. Telelanean. Bulegokoak, kazetariak eta banatzaileak. Informazio praktikoa zabaltzen, zerbitzu publikoen berri emanez, protagonisten ahotsak batuz, entretenimendua eskainiz... Jo eta su,  hausnarketarako tarte bat hartzeko astirik gabe. Egunotan ordea, Iban Arantzabal Goienako zuzendariaren dekalogo argigarri bat iritsi zait. NOAUA!rako baliogarri izan daitezkeen premisa ugari topatu ditut bertan.

‘Zero kilometroa’ aipatuz gero, berehala datorkigu esamoldearen esanahia: tokiko produktua edo gertuko produktua. “Hori ere bada tokiko komunikabideak eskaintzen dizuna, gertukoa. Bertakoa”, dio Arantzabalek. “Etxe ondoko informazioa, bizilagunen adierazpenak, zure ezagunek idatzitako istorioak edota zuk zeuk kontatutakoak. Gure lerroetan irakurriko dituzunak ere zero kilometroko edo gertutasuneko gaiak dira”. Dena zero kilometro filosofiarekin, dena bertatik bertara, hurbil, tokiko. “Hortaz, bertakoa kontsumituz: 

1. Elkar zainduko duen komunitatea sortuko da: herritarrak eta kazetariak; komertzialak eta komertzioak; herri-merkatuak eta komunikabideak.

2. Klikak bertan, bisitak bertan, zergak bertan. Facebook, Instagram, Youtube... Multinazionalak erabili zabalkunderako behar badituzu, baina ez kanal bakar moduan.

3. Erabakigunea zuk ezagutzen duzun jendeak izango du eta bezeroen onerako pentsatutako erabakiak hartuko dira. Ez da multinazionalen kasua.

4. Denda txikiekiko errespetatuz egiten dute lan herri mailako komunikabideek. Bat gara.

5. Ekologikoa da zure edukia gertuenekoekin konpartitzea eta kontsumitzea.

6. Irismen masiboa dute tokiko komunikabideek. Zurea kontsumitzeko bertako komunikabideekin kontatu.

7. Euskaldunei lagunduko diezu. Euskarari ere bai. Euskaldunok zerbait behar badugu da euskarazko edukia euskaldunon eskuetan.

8. Zure herriko komunikabidean eginda, euskarazko komunikabideen sarea elikatzen duzu.

9. Entzun egingo zaituzte tokiko hedabidean eta batera jardun. Bertatik bertara.

10. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau.

Gertuko komunitatea= tokiko komertzioak + tokiko komunikabideak”.

Ozenago esan daiteke, argiago ez. Normaltasun berriari begira, bide-orri egokia izan daiteke. Baita hemen ere.