Ez ginen lau pareten artean bizitzeko jaio

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ubeda 2020ko uzt. 8a, 13:22

Martxa onean hasi da Kultur Bira, ezta? Kanpotik behintzat, inpresio hori hartu dugu. Ez zen erronka erraza. Jai girorako egun seinalatuak ziren. Kalera atera, jendearekin batu eta Santixabelak ospatzeko gogobiziz zeuden herritar asko. Ulertzekoa da. Ez ginen lau pareten artean bizitzeko jaio. Pandemia baten erdian gaude ordea, eta zaila da dena uztartzea: sozializatzeko gogoa eta arduraz jokatzeko premia.

Luze joko duenez, pazientziarekin kudeatu beharko da egoera. Baina pazientzia ez da nahikoa. Eta Kultur Bira makinatu zutenek ondo dakite. Protokoloak betez, bada sozializatzeko modurik. Maskara aurpegian, ibili munduan. Ez ginen isolaturik bizitzeko jaio.

Hilabete honetan zehar, puri-purian diren artista batzuen emanaldiekin gozatzeko aukera izango dugu, eta herriko artista berriak deskubritzeko abagune ederra eskainiko zaigu.

Santixabel egunez hurbildu gara gu kiroldegiko kontzertura. Jendea txintxo-demonio dago atarian, ilaran, distantzia soziala errespetatuz eta maskara jarrita. Barrura sartzeko ordua iritsi denean, gela bota digute eskuetara. Kiroldegiko pistara iritsi gara. “Zenbat lagun zarete?”. Bi. “Hortxe ondo?”. Bai, eskerrik asko. Eta seinalatutako tokian eseri gara.

Gazteak aurrean, gazteak atzean.  Albo batean gure adineko batzuk. Beno, ez gara bakarrak. Beste alboan, soinu teknikariak.

Atzera begiratu eta DYAkoak ikusi ditugu, toki diskretu batean. Boluntario asko dago, peto horiz jantzita, kiroldegian zehar barreiatuta. BECen antolatzen diren oposizio horietako batean gaudela dirudi. Baina aldartea bestelakoa da hemen. Kontzertu bat ikustera etorri gara. Eta gauzak ondo egitera ere bai. Kontzientzia hori du jendeak. Lagundu nahi du. Kultur Bira antolatu dutenengatik, oholtzara igoko diren artistengatik, denongatik. Ez baikinen etxe barruan bizitzeko jaio. Elkarrekin egon nahi dugu. Bi metroko distantzian bada ere. Ez dugu hutsik egin nahi. Noizbait pasako da hau dena. Eta orduan, hangoari eskua eman, atzean den laguna besarkatu edota beste puntan diren haiekin erronda bat hartzera hurbilduko gara barrara. Baina orain, horrela dira gauzak. Hala tokatu da eta ez dugu kale egin nahi.

Seinalea iritsi da soinu teknikariaren mahaira. “Hastera doaz”. Kontzertua hasi aurreko abestia ipini dute megafonian. Johnny Cash-en Hurt ozen entzuten da kiroldegian. Negarrez hasteko gogoa sartu zaizu bapatean. Hunkigarriagorik ezin zuten aukeratu. Amaitu da kanta. Apaldu zaizkizu animoak. Luken Arkarazo igo da oholtzara. Segurtasun neurriak ekarri ditu gogora, bertaratutakoei eskerrak eman eta kontzertuaren hasiera iragarri du. Jendeak ozen txalotu du bere speech-a.

Orduan jabetu zara, lau hilabete igaro dira kontzertu batean egon zinen azken alditik. Eta musikariak oholtzara igo direnean, normaltasun anormal hau ez dagoela hain gaizki pentsatu duzu.

Atsedenaldian kaxkora jaitsi gara. Kamareroak dira segurtasun neurriak betetzen dituzten bakarrak.  Kulturako jendearekin zorrotza den herrialde batean bizi gara. Eta kontraesan horren parte gara gu ere.