Gure gazteak eta filosofia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2019ko api. 8a, 15:44

Jakinduria zalea esan nahi du filosofia hitzak.UNESCOaren esanetan, libertatearen eskola da filosofia; berari esker, gure gazteek heldutasun intelektuala lortzen dute, tresna egokiak ematen dizkie enigma handienei erantzuteko eta lagundu egiten die bereizten etika indibiduala eta soziala; eta agian garrantzitsuena, babestu egiten ditu gure gazteak manipulazio, gezur eta dogmatismo guztien aurka.

2013an, filosofia bigarren mailako gai bihurtu zuen Jose Ignacio Wert ministro eztabaidatuak. Filosofia baztertuz, heziketa humanistikoari garrantzia kendu egin zion.LOMCE deritzon legearen ondorioa izan zen aldaketa triste hori.

Baina gauzak aldatu dira: orain, alderdi guztiek, PP barne delarik, itzuli egin nahi diote filosofiari berez eduki behar duen garrantzia eskola munduan; Matematiken eta Historiaren mailako ikasgai izan dadin nahi dute orain. Jarrera berri honen ondorioak: lehenbizi, PP-k aitortzea bere errua eta bigarrenez, diru-laguntza handiagoak ematea Hezkuntza arloari, lehen kendu zitzaizkionak berreskura ditzan.

Haurrek eta gazteek pasatzen dute beren bizitza gauzen zergatia galdetzen. Berezkoa dute jarrera hau eta filosofoena ere ez dago hain urruti: lehengoak eta oraingoak galdera zehatz batzuei erantzuten saiatu dira.

Baina eskoletako filosofiak ez du mugatu behar pentsalarien zerrendak eta beren teoriak estudiatzera bakarrik. Klase horiek bihurtu behar lukete gune egoki debate sakonak egin eta zalantzak plantea ditzaten, gatazkei soluziobide bat eman diezaieten, gogoeta pertsonala eta taldekoa egin ondoren.

Filosofiak dituen abantaila guztiak garatzeko metodologia aldatu beharra dago: ikasleek estudiatu behar dute filosofia baina praktikatuz. Jakina, gaztetxo eta gazteekin filosofatzeko moduak ere aldatu behar ditu irakasleak, beren adinaren eta interesen arabera. 

Honen harira, arau batzuk irakurri ditut duela astebete. Filosofia klase hauek egoki emateko modu bat izango litzateke arte obra batzuk jarri gaztetxoenen aurrean eta eskatu ea zer ikusten duten eta esaten dieten irudi eta koadro horiek. Metodo hau ontzat ematen zuten mutiko eta neskatoen imajinazioa garatzeko eta beren ideiak eta pentsamenduak deskribatzen ikasteko. Bigarren era: muralak egitea giza gaiak garatzeko eta beren alderdi konplexuak adierazteko. Talde lana sustatuko lukete, estilo horretako ekintzek.

Hirugarren bidea klasean debateak bultzatzea litzateke; metodo hau klasikoa da eta eragilea. Santo Tomas lizeoan hirugarren hau erabiltzen nuen gehienetan, erlijioa eta giza hezibidea irakasterakoan. Gure klasikoek esaten zuten: “philosophia ancilla theologiae”, hau da, filosofia da teologiaren zerbitzaria. Hirukote batek prestatzen zuen gai bat, gertakizun bat, erlijioarekin edo etikarekin lotutakoa. Alderdi baikorrak eta ezkorrak aztertu eta gero eztabaida irekia zuzentzen zuen hirukoteak. Hala, filosofatzen irakasteaz aparte, elkar errespetatzen ikasten zuten, albokoaren iritzia entzun ondoren hitz egiten, zentzu kritikoa lantzen, toleranteak izaten eta abar.

Zalantzarik gabe, filosofiak ez du izan behar “asignatura maria” bat. Noiznahi kendu eta jarriaz, politikariek argi adierazi dute orain arte ez zutela beharrezkoa ikusten. Inoiz baino beharrezkoagoa da gaur filosofia. Bizi gara gaurkotasun birtual batean eta “egia-ostean” eta pentsatzeko gaitasuna galtzeko arriskuan gaude. Bizitzaren aurrean erabaki egokiak hartzen lagundu behar lieke filosofiak gure gazteei, Filosofiaren historia erakustea baino haratago joanez. Horrela lagunduko lieke beren nortasuna garatzen. Batzuen ustez, Interneten eraginez azalkeria eta arinkeria nagusitzen eta   pentsamendu sakonak lantzeko gaitasuna galtzen ari da gure gazteen artean. “Medikua edo ingeniaria izan aurretik, pertsona izaten ikasi behar dugu”, dio irakasle batek.