Feminismoa eta erlijioa

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2019ko eka. 11a, 18:04

Gaur, ekainaren 4a, bukatzen dute ramadana musulmanek. Ramadanak esan nahi du eskuzabaltasuna. Hilabete horretan, beraz, musulmanek enpatia eta bihotz beratasun handiagoa adierazi behar diote hurkoari. Barau kontuak baino garrantzitsuagoa da Koranarentzat maitasunezko jarrerak lantzea aldi sakratu horretan.

Sinesdun hauen artean bada emakume bat oso ezaguna bihurtu dena azken egun hauetan: Kahina Bahloul. Bere ametsa, bere proiektua: Frantzian lehen emakumezko imana izatea. Erlijio guztietan bezala, islamisten artean ere badaude Jainkoaren eta fededunen artean bitartekaritza egiten dutenak: imanak; guruak hinduismoan, lamak budismoan, apaizak kristautasunean, errabinoak judaismoan besteak beste bitartekoak dira. Imanak ez dira ordenatuak izaten kristautasunean bezala; beren bitartekotasun zilegitasuna sinestedunen elkarteak ematen die.

Islamologoa da  Kahina. Frantzian jaio zen duela 39 urte. Frantzia da Europan musulman gehien dagoen nazioa: sei bat milioi. Bere erronka ez da txantxetakoa: meskita bat ireki nahi du; baina ez egun daudenak bezalakoa: gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin otoitz egingo duten zentroa baizik. Batzuek esan diote dagoeneko: “jantzi ezazu beloa erlijioaz hitz egin aurretik”. Ez omen die kasurik egiten. Bere ustez beloa eramatea ez dago aginduta Koranean; berak agintzen duen bakarra da emakumearen jantziak dezentea edo eratsua izan behar duela. Eskema guztiak hautsi ditu emakume musulman bezala: beloa ez janzteaz aparte, erritoak, otoitza, baraua eta abarrak, ez omen dira funtsezkoak erlijio batean. Meskitara ere ez da joaten. Ez du gehiago entzun nahi imanen hitzaldi matxista eta arkaikorik. Garrantzitsuena ez da tradizioak txintxo betetzea, espiritualtasuna baizik. Horregatik, bere otoitz gunea sortu nahi du eta Mahomaren alaba kuttuna Fatimaren izena jarri dio. Bertan egiten den otoitza emakumezkoek eta gizonezkoek zuzenduko dute.

Kahinak aitzindariak izan ditu borroka horretan: Ipar Ameriketako Amina Wadukek eta Sherin Kandan daniarrak, beren meskitak zabaldu dituzte ausardia latza agertuz. Teologiaren ikuspegitik ez dago inongo arrazoirik emakumeari debekatzeko imana izatea. Orduan, zer dela eta ez da izan historian zehar emakumezko imanik? Arrazoi sinplea: gizarte patriarkal batean bizi direlako emakumezko musulmanak.

Erlijio arloko sexismo hau ez da islamiarren  monopolioa. Beste erlijioetan ere ikusi duela dio diskriminazio bera: judaismoan, kristautasunean… “Emakumeak bigarren mailako lanak burutzen ditu, gizonezkoen laguntzaile huts da”, dio.

Sinesdun askok utzi du islama. Izan ere, Kahinaren ustez, gizarteak sekulako aurrera pausoak eman ditu kultur aldetik eta erlijioa oso atzera gelditu da, Erdi Aroan; “pentsamenduaren esklerosia dago islamismoan”.

Gazte islamiarren arteko biolentziak ere badu bere esplikazioa. Kahinaren ustez erlijio gaurkotua eta dinamikoa espero du gaurko gaztediak. Berritzen ez doan erlijioa, hilda dago. Gazteei erakusten ez badiegu balore unibertsaletan oinarritzen den erlijioa, fundamentalismo klase guztientzat pagotxa bihurtzen da. Zenbat eta ezjakinagoak gure gazteak, orduan eta erradikalagoak bihurtzeko arriskua. Hau da indarkeria itsuaren arrazoietako bat. Berak alternatiba bat eskaini nahi die gazteei interneten eta sare sozialen bidez. Charli Hebdoren aurkako atentatuaren ondoren orrialde bat ireki zuen: “Parle-moi d’islam” (hitz egin iezadazu islamaz), eta bertan bideo pedagogikoak zintzilikatzen ditu gazteak hezi ahal izateko.

Jende askok animatzen du jarrai dezan lan dotore horrekin. Baina mehatxuak ere izan ditu. “Neurri batzuk hartu ditut, baina ez dut beldurrik. Beldurrarekin ezin da aurrera egin”, dio. Zoritxarrez eliza katolikoa besoz beso ibil daiteke islamismoarekin gai honetan: apaizgintza zerbitzua baldin bada imana izatea bezala, nola ez dira apaiz emakumezkoak? Norbaitek zerbitzatzen badaki hori emakumea da. Teologia inuzente baten esanetan Jainkoaren eta gizonen arteko bitartekotasun zerbitzua sakratua omen da eta nonbait eginkizun santuak gizonezkoari bakarrik dagozkio.