Ezkontza aurreko prestakuntza

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko urt. 21a, 17:33

Espainiako Gotzainen Batzarrak “Juntos en camino+Q2” lana aurkeztu du, ”ezkongaientzako  prestakuntza eta laguntza ibilbidea”. Ezkontza prestatzeko bi urteko ikastaroa da. Gizon eta emakumeen arteko alde sexualak, ezkongaien arteko samurtasun esklusiboa, pornografia, masturbazioa, kastitatea, desleialtasunari uko egitea jorratzen ditu besteak beste. Orain, Apezpiku bakoitzak erabaki behar du ikastaroa nahitaezkoa den ala ez elizbarruti bakoitzean, eta jakina, elizan ezkondu nahi dutenentzat bakarrik izango da.

Mario Iceta Bilboko Gotzainak aurkeztu du ikastaroa. Familiaren eta Bizitzaren Defentsarako Azpibatzordeko presidentea ere bada Iceta. Egun, eliza katolikoaren bidez ezkondu aurretik hogei orduko ikastaroa egin behar dute ezkongaiek. Orain bi urteko ikastaroa egitea proposatzen dute gotzainek. Nahiz eta ikastaro hau egitea ez den derrigorrezkoa izango, zentzugabekeria izango litzatekeela adierazi du Icetak. “Ezkontza prestatzea ezin da 20 ordutan laburbildu. Apaiz izateko zazpi urteko mintegia behar da eta emazte, senar, ama edo guraso izateko 20 ordu  bakarrik?”. Ikastaroaren helburuetako bat ezkontza-porrotari aurre egitea dela azaldu du Icetak. Bere esanetan, bikoteen %40a apurtzen da ezkondu eta 5  urtera eta %60a hamabost urtera.

Bi bertsio izan ditu Gotzainen proposamen honek. Lehenbizikoak sekulako polemikak sortu zituen. Prentsako komentarioak oro har ezkorrak eta sarkastikoak izan ziren. Izan ere, zenbait aholku oso bitxiak ziren eta nahiko inozoak. Jakina, kapitulu bakoitza pertsona ezberdinari enkargatzen zitzaion eta zazpigarren atala idatzi zuena oso urrun zegoen nonbait eliza progresista samar baten ikuspegitik. Gaurko kristau bikote normal batek ez dauka zerikusirik atal horretako zenbait gomendiorekin.

Gotzainek behin-betiko onartu duten bertsioa Aita Sainduaren “Amoris laetitia” (maitasunaren poza) dokumentuan edo instrukzioan oinarrituta dago, nahiz eta ez duten aipatzen. Bertan Frantziskok aipatzen du sexualitateari buruzko “hizkuntza berri baten beharra”. Gai honen gainean dokumentu horrek ekarpen handia egiten du. “Sexualitateaz ikuspen baikorra” behar dela dio, “erotismo sanoa” aipatzen du, “plazerrik eta sugarrik gabeko maitasuna ez dela benetakoa” esaten du. Aita Santuak garbi kritikatzen du maitasunaren inguruan elizak askotan izan duen ikuspegi ezkorra, zaharkitua eta batzuetan estigmatizatzailea.

Gotzainen dokumentuak luze samar hitz egiten du pornografiak eragin ditzakeen kalteei buruz: norberekeria sustatzen duela, maitasunari buruz ikuspegi faltsua agertzen dela, emakumea mesprezatzera bultzatzen duela. Komunikabide batzuek barre egin dute elizak pornografiaren kaltegarritasunaz hitz egin duelako. Agian tarte handiegia ematen dio gaiari, baina galgarritasun hori #MeToo mugimendu feministak ere salatzen du. Beraz, kazetari horien jarrera ez da oso koherentea.

Erlazio sexualak eta Ebanjelioa uztartzeko hizkuntza egoki baten bila dabil Eliza.

“Maitasunaren poza” oinarri bezala hartuz, eman du lehen pausoa. Bide egokia hartu du. Lehen zegoenarekin konparatuta, aurrerapauso handia da. Bide horretatik jarraitzeko konpromisoa hartu behar luke Elizak.