Txaloak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko api. 21a, 16:26

Hirurogeita hemezortzi urte mundu honetan bizi ondoren ez nuen sekula pentsatuko horrelako egoera bat ezagutuko nuenik. Hasiera batean, urrutitik bezala eta eszeptizismo apur batekin ikusten genuen. Gripe baten antzeko zerbait ote zen, agureak bakarrik arriskuan egongo ote ziren eta abar. Orain badakigu: denok izan gaitezke pandemia  beldurgarri horren biktimak.

Irakurri berria dut Albert Camusen La peste agortu omen dela Frantziako liburu dendetan. Literaturako Nobel sari honen ustez, holako egoeretan jarrera antagonikoak agertzen omen dira: besteez aprobetxatzen direnak, pikaroak eta miserableak alde batetik; eta bestetik: eskuzabalak, solidarioak eta heroiak. Gehiengo osoa bigarren taldean sartzen da bere esanetan. Hain gara paradoxikoak gizakiok. Ugaritasunean lelotu eta inozotu egiten gara askotan eta zoritxarrean, aldiz, zuhur eta enpatikoak bihurtu. Horrelako uneetan gizarteak bere lehentasunak berrordenatzeari ekiten dio.

Egun hauetan ohitura edo errutina batzuk jarri dizkiot neure buruari eta serio  heltzen diet. Funtsean: kirola (hamabi mila pausu ematea parrokiako lokaletan Munduko Osasun Erakundeak agintzen duen arabera), pianoa landu eta irakurri. Aste Santuko elizkizunetan katedralean parte hartzen dut organista bezala. Ertzainek “nora zoaz?” galdetzen didatenean eta J. I. Munillaren organista naizela esaten diedanean, tente jartzen dira eta ez didate egiaztagiririk eskatu ere egiten. Elizak badu oraindik halako itzal berezia, edo horrela  dirudi behintzat. Nire parrokiako eliztarrek badakite elizkizunak telebistatik jarraitu ditzaketela nahi izanez gero. Bitxikeriak ere badaude elizako ospakizunei buruz: Balmasedako parroko bat kalez kale ibili zen jendea bedeinkatzen ertzainek etxera bidali zuten arte; Caceresen erretore bat elizaren teilatura igo zen, mahaitxo bat ipini eta bertan ekisaindu edo kustodia jarri herriarentzat Jainkoaren babesa eskatzeko. Donostiako Altza eta Larratxoko J. Hernaez apaiz laguna, janaria biltzen ari da egun hauetan auzoko pobreen artean banatzeko. Berak ere otorduak prestatzen ditu lau familientzat, guztira dozena bat pertsona. “Gose diren ilegalekin zer egiten dugu? Horiek ere jan beharko dute bada?”. Aurrena Caritasera bidaltzen ditu, baina gainezka eginda dago erakunde hau. Beraz, bere lagunekin batera ekintza txalogarri hori antolatu du. Hau da niretzat Aste Santua bizitzeko modu txalogarriena, beste era horiek ere errespetatuz, jakina.

Egun hauetako gozamenik handiena  zera da: balkoietatik eta leihoetatik datozkigun txalo zaparradak. Behingoz ez dira klaxonek, jendearen ibilerek edo marmar ozenek dezibelioak altxatzen dituztenak, txalo bero eta hunkigarri horiek baizik. Milioika pertsona zahar, gazte eta haur irteten gara balkoietara keinu sinboliko eta unibertsal hori egiteko. Horrela eskertu nahi ditugu erizainak, sendagileak eta osasun arloan lanean ari diren guztiak, askotan beren bizia arriskuan jartzen dute eta. Txalo une hori da  “anaitasun bainu bat, katarsia”, kazetari baten esanetan. Ostegun  Santuan ari naiz gogoetatxo hau idazten; horiek bai, sinesdun nahiz ateo izan betetzen dutela Jesus nazaretarrak azken afarian apostoluei oinak garbitzerakoan eman zien agindua: “ikasbidea eman dizuet, zuek ere berdin joka dezazuen”.

Une honetan, edozein futbolari ospetsu baino garrantzitsuagoa bihurtu da osasun arloko erizain xume bat, ospitale bat misil bat baino premiazkoagoa. Baina benetan garrantzitsuena orain dator: alderdikeriak alde batera utzi eta elkartasunez eta zentzuz jokatzea. “Eginkizun bat daukagu: planeta hau leku egoki bat bihurtzea denok elkartasunean eta pozik bizi gaitezen”, dio Arsuaga paleontologoak. Bihar gauean (bazko gau-bailan) Haendelen Alleluia joko dut katedralean. Ea berehala iristen zaigun horixe kantatzeko une pozgarria. Animo, eutsi goiari eta bazko aldi on!