Biharamuna

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko mai. 20a, 08:32

“Hau duk marka, hau, arkakuso kaka baino milioi bat aldiz txikiagoa den xomorro batek dena hankaz gora jarri dik. Gure harrokeriak, handikeriak eta abarrak tokitan gelditu dituk”, esaten zidan lagun batek. Ez zuen arrazoi faltarik. Birus ikustezin batek jarri gaitu geure lekuan.

Zaintzaile asko daude eta denen lana da baloratzekoa, baina batzuk azpimarratu nahi ditut hemen eta orain: gure liburutegiko neskak, Bakartxo, Irantzu eta ikustezin aritzen den Marian. Konturatu al zarete nola zaindu gaituzten etxetik atera ezinik egon garenean?

Aurreneko egunetan informazio eta proposamen bonbardaketa bat jasan genuen orokorrean leku askotatik, whatsappa sutan zegoen: eskulan proposamenak handik, kantak hortik, ariketak hemendik, jolasak batetik, sukaldaritzako errezetak bestetik... Hura zen hura aspertzeko beldurra! Gure liburutegiko neskek, ordea, lasai hartu zuten kontua. Ez ziren bonbardaketa horretan sartu, dosifikatu egin dute beraien eskaintza, tamainan, neurrian.

Liburutegia itxi aurreko azken egunean jende asko gerturatu zen liburuak eta pelikulak mailegatzera. Ohiko arratsalde batekin alderatuta, mailegu kopuru bikoitza izan zuten. Beraz, bazekiten jendeak bazuela zer irakurria eta zer ikusia etxean. Ez zegoen whatsappez edo sare sozialen bidez gauza gehiago bidaltzeko presarik. Asmatu zuten nola zaindu jendea.

Etxeko liburuak irakurri eta pelikulak ikusi ondoren, ordea, ezin gehiago hartu, liburutegia itxita baitzegoen. Eta hor eskaini dute aukera berria: e-liburutegia. Nahiz eta aurretik ere zerbitzu hori egon, itxialdirako ezin aproposagoa bihurtu da.

Nahi izan duenari pazientzia handiz esplikatu diote zer eta nola egin behar duen, deitu egin diote ea zalantzarik baduen, ea lortu duen nahi duena eta abar. Gertuko jarraipen goxoa egin dute, pazientzia handiko zaintza.

Liburuaren egunaren harira (apirilaren 23an) bideotxo bat egiteko proposamena luzatu zuten, xumea eta atsegina. Ohiko tertulia online egiten asmatu dute, eta gehiago ere aurreikusita dituzte. Ekimen horiekin guztiekin liburuei lekua egiten saiatu dira, gure egunerokotasunean liburuaren presentzia areagotzen. Eta egia da, etxetik atera ezinean egonda eta etxean denbora gehiago egon beharra izanda, liburua konpainia ona bilakatu daiteke, eguraldi onarekin zein txarrarekin.

Itxialdian asko aipatu dira ariketak, zumba, pelikulak, bizkotxoak eta eskulanak, eta liburuak? Irakurtzea? Horiek denak egitea baino errazagoa da liburu bat hartu eta irakurtzea. Ez du eskatzen sofa lekuz aldatzerik, irina erosterik edo komuneko paperaren kartoiak jasotzen ibiltzerik. Itxialdiak aukera aproposa jarri du denon eskura. Eta gainera, familia guztiak egiteko modukoa da. Zeren... asko hitz egiten da umeen irakurzaletasunaz eta irakurketak ekartzen dizkien mesedeez, baina horrek berdin-berdin balio du helduentzat ere. Umeentzako adina liburu edo gehiago daude helduentzat herriko liburutegian, eta neurri, kolore, gai eta genero guztietakoak.

Kulturaz ere hitz egiten da, eta horren parte bat dira liburuak. Gure liburutegiko neskek, konturatuta edo konturatu gabe, kultura ekarri digute etxera, eta hori ere bada gu zaintzea. Liburuak eskuz esku eta etxez etxe ibiltzeak izugarrizko poza ematen die eta antzematen zaie. Lan horrekin denon kultura elikatzen eta aberasten dute.

Bideokonferentzietan jarduteko atzean liburutegia jartzea ondo gelditzen da, ukitu interesgarria eta intelektuala ematen dio, baina liburuak beste zerbaitetarako balio dutela erakutsi digute gure liburutegiko neskek, beti errespetutik eta zainduz.

Orain badakit nori jo nahi dizkiodan iluntzeko txaloak, nor eskertu nahi dudan.