“Fratelli tutti”

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko aza. 11a, 07:01

Aita Santuaren entziklikek latinezko tituluak izan ohi dituzte, baina Frantzisko Aita Santuak zabaldu berri duenak italieraz du izenburua. Badakizue, bera jesuita izan arren Asisko San Frantzisko miresten duela, eta haren idatzi batetik jaso ditu “Fratelli tutti” hitzak. Entziklikaren ideia nagusia: gizatiar guztiok senide gara. Senidetasun unibertsala da gure bokazioa eta denon eginkizuna da anaitasun hori gauzatzea, eraikitzea. Eginkizun ederra, helburu bikaina, elkartasuna izanik tresna egokiena ideia hori aurrera eramateko. Aditu batzuen esanetan Elizak argitaratu duen entziklikarik sozialena da hau.

San Frantziskoren hilobiaren alboan sinatu zuen dokumentua. Horrela adierazi nahi zuen santu horren filosofia eta bizitzeko estiloa zituela gidari. Anekdota polit bat ere kontatzen du Aita Santuak: S. Frantzisko joan da Egiptora Al Kalil sultana ikustera eta honek galdetzen dio: “zergatik zuek kristauok maitasunaz besterik ez duzue hitz egiten eta aldi berean gerrak eragin nonahi eta noiznahi?”.  S. Frantziskoren erantzuna: “Maitasuna (Jesus, alegia) ez delako maitatua, Jauna”. Gurutzaden garaia zen eta, beraz, inkoherentzia totala kristau munduan.

Sarrera bat eta 7 kapitulu ditu idazkiak. Nazioarteko senidetasuna lantzea izanik ideia nagusiena, gaurkotasun handia duten gai batzuk ere jorratzen ditu, besteak beste gerra justua eta politika ekonomiko neoliberala. Gerra justua ezin da gehiago onartu, nahiz eta Eliza katolikoaren dotrinan justifikatzen zen zenbait egoeratan. Giza garapen integrala nahi badugu, gure eginkizuna da saihestea nazioarteko gerra aukera guztiak. “Gehiago ez gerrarik”, dio. Eta politika ekonomiko neoliberalari buruz, Aita Santuak ondo daki ze kalte ekarri dituen eta zenbateraino eragin dituen ezberdintasun erraldoiak, gutxi batzuk izugarri aberastuz. Horregatik  kritika zorrotza egiten dio Frantziskok arlo neoliberalari. Sistema finantzarioak  eredu berri bat behar du, dimentsio soziala txertatu behar zaio. Merkatuaren ekonomia soziala bultzatu behar da. Globalizazioak gerturatu gaitu, baina senide bihurtu ez.

Borondate oneko pertsona orori zuzenduta dagoen idazki honek gailurra jotzen du samariar onaren (Lukas 10, 25-37, irakurri pasarte hau, bitxi bat da) parabola aztertzen duenean. Zein dago nire beharrean ni bere gertuko bihur nadin eta lagun diezaiodan? Sekulako egurra ematen die apaizei eta santu-jaleei. Erorita dagoenarengana hurbiltzea eta berori laguntzea da anaitasun unibertsalaren sekretua. Horretan saiatu behar luke, dio, politika orok ere. Politika da, herrigintzan saiatzen denean (hori da greziarren definizioa politikarena), maitatzeko modurik ederrenetarikoa.

Pentsatzaile katolikoetan bakarrik ez da oinarritzen Aita Santua gogoeta sakon honetan. Gai hau gauzatzeko eredu gisa hartzen ditu Gandhi, M.L. King, Desmond Tutu, Charles de Foucauld.

Duela gutxi Anjel Lertxundik zioen: “Oraintsu berrogei urte egundoko sekularizazio prozesua izan genuen. Bat-batean, erreferente espiritualen faltan geratu ginen eta espiritualak diodanean, geure barrua aberastu, gizatiarragoak izaten lagunduko diguten erreferenteez ari naiz”. Nire ustez, Aita Santua dugu une honetan erreferente espiritual horietako bat entziklika bikain honekin. Bide on eta luze “Fratelli tutti”ri!