Merkataritza hizpide

Santueneko Gure Elkartea: “Gure pizzak arrakasta handia du gazteen artean”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:01

Etxealdiaren ondoren, Santueneko Zaharren Egoitzakoek lanpetuta ekin zioten euren jardunari. “Astebukaeratan giro ona izaten dugu eta ibiltariak zein bizikletan dabiltzanak hona etortzeko ohitura hartzen hasi dira”, adierazi digu Ana Floresek.

NOAUA! Etxealdia amaitu berritan, batzuk ateratzeko gogoz zeuden eta beste batzuk beldur handia zuten. Zuek ere antzekorik sumatu al duzue?

Ana Flores, Santueneko Gure Elkartea: Bietatik sumatu dugu hemen. Dena den, etxera eramateko aukera zabaldu zenean, gure  pizzak arrakasta handia izan zuen gazteen artean. Boom bat izan da. Egia esan, oso onak daude. Gure baratzeko produktuekin egiten ditugu.

Lehenago egiten genuenarekin konparatuta, lan pila bat egiten ari gara orain. Zeren negu oso txarra pasa baitugu. Auzo hau oso utzia dago. Adinekoak hiltzen doaz eta gazteak, ahal badute, herrira joaten dira.  Etorkinek aldiz, sozializatzeko ohitura ezberdinak dituzte. Baina gure sukaldaritza  proposamenari esker, amonaren lapikoaren filosofia jarraituz, lortu dugu donostiarrak, lasartearrak edota bizikletan dabiltzanak erakartzea.

 

Lanpetuta zabiltzate, beraz.

Etxealdiaren ondoren, gazteek jarraitu dute hona etortzen. Astebukaeratan giro ona izaten dugu eta ibiltariak zein bizikletan dabiltzanak hona etortzeko ohitura hartzen hasi dira.

 

ANA FLORES

“Gure sukaldaritzari esker lortu dugu donostiarrak, lasartearrak edo bizikletan dabiltzanak erakartzea”

 

Usurbilgo Kultur Birarako karpa jartzen ari dira une honetan eskubaloi zelaian. Hau ona izango da zuentzat, ezta?

Guretzat hau dena oso positiboa da. Gazteak hona gerturatzea oso ona da. Negozioarentzako ona da baina bereziki auzoarentzako da ona. Guk bakarrik ezin diogu auzoari bizitza eman. Batzuk eskertu digute giro polita ekarri dugulako, baina nahikoa da bat kexatzea disgustua hartzeko.

 

Bonuak atera ditu Udalak baina zuek ez duzue parte hartu. Zer dela eta?

Uste nuen Hurbilagoren txartelari lotutako kanpaina bat zela. Gero jakin dut denontzat zela aukera. Detaile bat da bezeroarekin eta uste dut guk ere parte hartu beharko genukeela.