Sagardotegi Garaia

Aialde Berri Sagardotegia: “Orain gehienek egun batetik bestera egiten dituzte erreserbak”

Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 15:51

Sagardotegi denboraldia duela aste gutxi jarri zen martxan, baina ordutik askotariko egoerak bizi izan dituzte sagardotegietan. Herri arteko mugimendua eta Usurbil itxita egotea tokatu zaizkie herriko sagardogileei. Alboko herrietakoek gerturatzea daukaten garai honetan Aialde Berri Sagardotegian zein martxa darabilten jakin nahi izan du Noauak.

NOAUA! Sagardotegi denboraldia hasi zenetik egoera nahiko nahasia izan da. Nolakoak izan dira lehen aste hauek?

Aialde Berri Sagardotegia: Usurbil gorrian sartu zenean egun gutxi batzuetako itxiera jasan zuen ostalaritzak. Gu horrek ez gintuen harrapatu ostiral, larunbat eta igandetan egiten baitugu lan. 

 

Aste hauetan herriko jendea baino ez da ibili sagardotegian. Nolakoak izan dira asteok?

Ondo lan egin dugu larunbatetan. Kuadrilla asko gerturatu dira, eta hori izan da larunbatetako giro orokorra. Igandetan familia giroa nagusitu da, gure bezero nagusiak igandetan familiak izan dira eta. Jende zaharragoa ez da gehiegi hurbildu, beldurragatik edo. 

 

Alboko herrietako jendeak jada sagardotegietara hurbiltzeko aukera dauka. Antzeman duzue kopuruan igoera hori?

Orain gehienek egun batetik bestera egiten dituzte erreserbak. Aurreikuspenak egitea oso zaila da zentzu horretan, baina Lasarteko kuadrilla batzuk hurbiltzen hasi zaizkigu. Orokorrean beraientzat ere zaila da hurbiltzea, intzidentzia dela eta gorrian daudelako eta ez dakitelako gisa honetako arrazoi batengatik atera daitezkeen. Hala ere, pixkanaka mugimendu hori ari gara nabaritzen, lasartearren aldetik bai behintzat.

 

Egunez egun dabil jendea, eta zuek ere hala ibiliko zarete, ezta?

Bai, jakiak egunez egun eskatzen ditugu eta etorkizuna oraindik marrazteke daukagu. Neurriak aldatzen joan daitezke oraindik, bai onerako bai txarrerako. Egoera horren aurrean, egunez egun lan egin behar. Aurtengo denboraldia trakets samar hasi dugu, egoera nahiko zaila daukagu. Joan zen urtean hasi eta bat-batean moztu zen dena, eta aurtengoari esperantzarekin begiratzen genion, baina horrela tokatu da.

AIALDE BERRI SAGARDOTEGIA

"Orain gehienek egun batetik bestera egiten dituzte erreserbak"

Txotx egitera joan ezina arazo ari da izaten bezeroentzat?

Errespetuz ari da jendea gai horrekin, ez dugu inolako arazorik izan. Aukera ematen diogu kuadrilla bakoitzari pitxerra betetzera joateko; kuadrilla bakoitzeko pertsona bat beti ere. Gainera, guk upelak nahiko bereizita dauzkagu jangelatik eta kontrolatzeko erraza da. Horrez gain, aukeran ematen dugu upelekoa edo botilakoa.

 

Horrenbeste berrikuntzarekin lan egiteko modua eta erritmoa erabat aldatuko ziren, ezta?

Erritmoa erabat desberdina da. Orain upelera ezin denez joan eta inguruko jendearekin harremantzerik ez dagoenez, azkarrago jaten dute bezeroek. Hala ere, jendeak badaki ez dela izango afaririk, eta beraz, bazkalostea asko luzatzen da. Lehen jendeak ohitura zeukan bazkaldu eta tabernetara joateko, baina orain askok trago bat behintzat hemen hartzen du. 

 

Instituzioen aldetik pautak eta laguntzak jaso dituzue?

Gure kasua berezia izan da. Udalak bonoena martxan jarri zuenean guk ere parte hartu genuen, eta laguntza hori izan genuen. Laguntza zuzenei dagokienez, ez dugu eskurtzeko aukerarik izan bete beharreko epigrafe batzuk ez betetzeagatik; baina oso kasu konkretua da gurea.