HAPO-aren eta auzo planaren aurkezpena gaur Santuenean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 16a, 10:03

Santueneko auzo plana osatzen hastera doaz asteazken honetan, ekainaren 16an. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eta auzo plana aurkeztera doa Usurbilgo Udala 18:00etan, Santueneko frontoian deitu duen bileran.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak, Santueneako auzotarrek eta Hiritik At kooperatibak prentsaurrekoan aurkeztu zuten iragan maiatzean Santuenea elkarlanean izenburupean egingo duten parte-hartze prozesua. Santueneari begirako auzo plan bat osatzea du helburu, "auzoa bizigarriagoa izan dadin eman beharreko pausoak jasoko dituena". Asteazken honetan, ekainaren 16an hasi eta urte amaierara bitarte luzatuko da prozesua.

Lau fasetan banatu dute parte-hartze prozesua:

  • Ekainaren 16an: HAPOa eta auzo planaren aurkezpena auzokideekin.
  • Ekainaren 30ean: Santueneako irisgarritasun proiektuaren aurkezpen irekia.

 

Diagnostiko parte-hartzailea (iraila-urria). Entzute fasea izango da, auzoan den jakintza metatua jasotzeko. Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere.

 

Garapena (urria-abendua). Auzoaren lehentasunak definituko dituzte, behar nagusiak. Horiei erantzuteko konponbideak topatuko dituzte, eta planari begirako zehaztapen teknikoak landuko dira. Besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, auzo ekonomia, zerbitzuak, zaintza, energia edota gobernantza bezalako eremuak landuko direla aurreikusi dute.

 

Itzulpena (urtarrila). Auzotarrentzat zein udalarentzat erabilgarria izango den auzo plana dokumentua osatu eta auzotarrekin kontrastatuko dute.

Prozesu honen sustatzaileen esanetan, "koordinaziorako lantalde bat sortuko da, Hiritik At-en lanari jarraipena egingo diona eta udalarekin harreman iraunkorra izango duena". Prozesuan zehar sortutako materiala usurbil.eus web orrialdean txertatuko dute, prozesua hastearekin batera propio sortuko den orrialde batean.