Etorkizuneko auzoa eraikitzen hasteko lehen urratsak Santuenean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 12:18

Etorkizuneko Santuenea elkarlanean eraikitzen hasteko lehen aurkezpen saioa egin du Usurbilgo Udalak asteazken honetan. Datorrena, bi aste barru.

"Nola irudikatzen duzue 7-10 urte barru Santuenea? Nolako auzo batean bizi nahiko zenukete? Zer erronka ditu auzoak?" galdera hauei eta beste batzuei erantzuten hasiak dira Santuenean. Asteazken honetan, Udalak, bizilagunak nahiz auzoko eragileek elkarlanean diseinatuko duten etorkizuneko Santueneko eraberritze plana diseinatzen hasiak dira.

Momentuz aurkezpen fasean dira. Asteazken honetan, auzo planaren nondik norakoak, eta Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aurkeztu zituen Usurbilgo Udalak Santueneko frontoian, prozesu hau dinamizatuko duen Hiritik At! kooperatibako ordezkaritzarekin batera.

Helburua finkatua dute; Santuenea bizigarriago bat izatea. "Legealdiko planean jasota daukagu auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugula eta helburu horrekin arreta berezia jarri dugu Usurbilgo udalerria osatzen duten herri-auzo ezberdinetan. Izan ere gure helburua auzo bizigarriak lortzea da, Kaxkoa eta auzoen artean dagoen arrakala edo egon daitekeen distantzia edo desberdintasunak gutxitzea, auzoek nortasun, ezaugarri behar eta errealitate propioak dituztelako eta horietan arreta jartzen ari gara, auzoetako bizi kalitatea eta auzoetan bizi diren herritarren ongizatea hobetzeko asmoz", zioen Santueneko aurkezpen ekitaldian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Pandemia aurretik auzoko eragileekin bilduta, hirigintza lan zehatz batzuetatik haratago Santueneak dituen behar anitzei osotasun batean erantzungo zien egitasmo bat bideratzeko proposamena mahai gainean jarri zutela oroitu zuen alkateak. "Hor aritu ginen auzo honek dituen hutsune, gabezia edo konpondu beharrekoen inguruan hausnartzen, eta horiek nolabait konponbidean jartzen. Baina Santueneari begira beste erronka bat jarri genuen mahai gainean", zioen atzo alkateak; "auzo plan bat osatzeko erronka eta asmoa plazaratu genuen". 

Orain Santuenean abiatzera doazen prozesuaren bidez, "ez dugu dudarik, balioko duela auzoko sare komunitatea indartzeko, belaunaldi arteko harremanak sortzeko edo daudenak indartzeko". Ezinbestekotzat jotzen du Udalak abiatu berri dutun egitasmoa, "auzoaren kohesio sozialean, eta batez ere bizikidetzan eragiteko". Udalarentzat gainera "lan-tresna bat izango da, hurrengo urteetarak bide-orri moduko bat, auzoan egin behar diren eskuhartzerako gida lerro nagusiak finkatuko dituenak".

Udaletik argi dute, santuenearrei zuzenduta ziotenez, "zuen borondate, konpromiso eta parte hartzearekin lortuko dugu".


ETORKIZUNEKO SANTUENEA MARRAZTUKO DUEN AUZO PLANAREN DISEINUA FASEKA
Ekaina, aurre-fasea:
Ekainak 16, asteazkena
18:00 Auzo planaren eta Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkezpen saioa Santueneko frontoian.

Ekainak 30, asteazkena
18:00 Santueneko irisgarritasun proiektuaren aurkezpena auzoko frontoian.

Iraila-urria, parte hartze prozesua
“Entzute-fasea izango da, auzoan den jakintza metatua jasotzeko”. Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere.

Urria-abendua, garapena
Auzoaren lehentasunak definituko dituzte, behar nagusiak. Horiei erantzuteko konponbideak topatuko dituzte, eta planari begirako zehaztapen teknikoak landuko dira. Besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, auzo ekonomia, zerbitzuak, zaintza, energia edota gobernantza bezalako eremuak landuko direla aurreikusi dute.

Urtarrila, itzulpena
Auzotarrentzat zein udalarentzat erabilgarria izango den auzo-plana osatu eta auzotarrekin kontrastatuko dute.


Oharrak:
-Prozesuaren jarraipena egin eta Udalarekin hartuemana izateko koordinaziorako lan-taldea osatuko dute.
-Prozesuan sortutako materiala usurbil.eus atarian izango da ikusgai.