Santuenea herri gunera eta herri gunea Santueneara hurbiltzeko erronka

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 12:04

Santuenea biziberritzeko, etorkizuneko auzoa diseinatzeko lanetan hasiak dira. Aurrelanketa fasean dira. 

440 bizilagun, udalerriko bataz besteko errenta baxuenak, langabetu kopuru altuena, biztanleria murrizten eta zahartzen... Zaurgarritasun egoeran den auzoa eta hirigintza ikuspegitik gabeziak dituenak; irisgarritasun eza, argiztapen edota saneamenduan zer hobetua duena. Hobekuntza tarte nabarmena izan eta zer irabazi asko du Santueneak.

Eta horretara doaz, eraberritzera, "eskuhartze integral" bat sustatzera, bizilagunak, auzoko eragileak eta Usurbilgo Udala eskutik helduta, Hiritik At kooperatibak dinamizatuko duen prozesuaren bidez. Auzotarren beharretan oinarrituriko eraberritze jasangarria sustatu nahi dute, Santuenean gauzatzen hastera doazen proiektua aurkezteko asteazkenean bertako frontoian egin zuten aurkezpenean, Udalak eta aipatu kooperatibako ordezkariek azaldu zutenez.

Komunikazioa eta mugikortasuna hobetzea
Udalak urtero 12-13 milioi euroko aurrekontua izaten duela kontuan izanda, 9 milioi euroko inbertsioa bideratu asmo dute Santuenean. Horretarako, auzo plana diseinatu nahi dute santuenearrekin, gerora Udala lantzen ari den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatzeko. 2004an onarturiko aurreko plangintza ordezkatuko du. 

Plangintzaren inguruko nahiz auzo planari buruzko nondik norakoak azaldu zituen Udalak asteazken arratsaldean, etorkizuneko Santuenea eraikitzen hasteko bertako frontoian antolatu zuen aurkezpen ekitaldian. Erronka argia marrazten zen, hainbat auzotar bildu zituen saioan: Santuenea barruko hobekuntzez gain, ondoan dituen auzo nahiz herrietara hurbiltzea, eta ingurua Santuenera gerturatzea; "konexioak hobetu eta hurbiltzea". 

Tren geltoki berria, Ingemarreko eremua...
Eta horretan lagundu dezake, aurreikusia dagoen tren geltoki berriak. Asteazkeneko ekitaldian Udaletik azaldu zutenez, Errekaldekoaren antzera, trenbidearen gainean eraiki asmo dago eta trenbidea gainetik zeharkatzeko pasabidea izango du, albo banatan igogailua duela.

Bestalde, oinezko nahiz txirrindularientzat, gerturatze hau gauzatzeko Santuenea, auzokide dituen Aginaga, Zubieta edota Kaxkoarekin bide seguruekin lotzea lagungarria izan daiteke.

Geltoki berriarekin batera, estrategikotzat jotzen du Udalak Ingemar lantegiaren eremua. Zonalde honen erabileraz hausnartzeko beharra plazaratu zuen Udalak. Gunearen erabilera berrantolatu eta erabilera anitzeko eremuan bilakatzea asmo bat izan liteke, "espazio biziagoa izateko".

Errioaren bueltan ere aldaketak egon daitezke; batetik, Zumartegi industriagunean erriberak paseorako berreskuratzeko dagoen balizko aukeraz mintzatu ziren. 

Orbeldiko presan bestalde, Gipuzkoako piraguismo federazioak haien jardunerako ur bizien kanala sortzeko proiektu baten lanketan dela ere berri eman zuen Udalak.

Bada eraldatu eta biziberritzeko mugimendua beraz, Santuenea bueltan.