Santuenea eraikitzeko prozesurako webgunea zabaldu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 9a, 08:29

Etorkizuneko Santuenea eraikitzeko abian den parte hartze prozesuari buruzko informazioa aurrerantzean, usurbil.eus atarian jaso ahalko duzue, "Santuenea Elkarlanean" izeneko atalean klikatuta.

Bertan, datozen hilabeteotan, udazkenetik aurrera bideratuko duten parte hartze prozesuari buruzko informazioa aurkituko duzue. Batetik unean uneko saioan, prozesuan zehar alegia, plazaraturiko dokumentazioa. Gogoan izan, orain arte bi saio egin direla Santuenean, joan den hilabetean hain zuzen; ekainaren 16an, Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eta auzo plana aurkeztu zituen Usurbilgo Udalak eta prozesu hau dinamizatuko duen Hiritik At! Kooperatibak. Hilaren 30an bestalde, Santuenearako irisgarritasun proiektua.  

Bi hitzorduotako dokumentazioa usurbil.eus webguneko tarte berri horretan eskura dezakezue. Baita datozen hilabeteotako saioen agenda ere. Irailetik urrira, "diagnosi" fasea bideratuko dute, online bidezko galdetegiekin eta talde elkarrizketekin. Urritik abendura "garapen" fasea helduko da; "auzoaren lehentasunak eta behar nagusiak" definitzeko garaia. Datorren urtarrilean azkenik, "itzulpena"; "auzo plana osatzea eta kontrastea". 

Prozesu osoa, santuenear norbanako nahiz eragileekin jorratu asmo dute Usurbilgo Udalak eta Hiritik At! Kooperatibak. Bide horren unean uneko jarraipena egingo dio usurbil.eus webguneko tarte berriak.