Ur bizien kanala Orbeldin

"Kanalak ez diezagula errioa ezkutatu"

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 6a, 11:46
Orbeldiko presa. Argazkia: Eguzki.

Orbeldi parean eraiki asmo dagoen ur bizien kanalaren proiektuak "errioa ez diezagula ezkutatu" eskatu dute ohar bidez Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzki talde ekologistak. Eta bide batez, oraindik bertan den "presa botatzea komeni zaio" errioari, gaineratu dute.

Berriki, hedabide batek izena eta guzti jarri zion Orbeldiko presa inguruan eraiki asmo duten ur bizien kanalaren proiektuari; Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu duen Maialen Chourraut lasartearrarena hain zuzen. "Antza denez, dagoeneko den-dena lotuta dago… erakundeen adostasuna, epeak… baita aurrekontua bera ere", berri eman dute ohar bidez, Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzki talde ekologistak.

Bi bilguneok zehaztu dutenez, "proiektuak, funtsean, zentral zaharraren hondakinak eraitsi eta 195 metro luzeko katal bat eta pabilioi bat eraikitzea –eta, ondorioz, ibai-ertza urbanizatzea– aurreikusten du. Baina, horrez gain, zentralaren presa mantentzea eta Oriatik 12.000 l/s hartzea ere aurreikusten du. Eta hori ezin da nolanahi pasatzen utzi". 

Isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, "arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presa eta oztopoak ere ezabatu egin behar dira. Baita ibaiak askotan anorexikoak uzten dituzten ur-hartzeak ere". 750 bat oztopo badira Gipuzkoako ibaietan bi eragileon esanetan Foru Aldundiko datuak eskutan, hiru laurdenak ez dira erabiltzen. Horren adibidetzat jartzen dute Anerrekak eta Eguzkik Orbeldiko presa. "Ez da edozein oztopo, Orian gora doan arrain-faunak aurkitzen duen lehen oztopo erraldoia baizik. Faunak saihestu dezake soilik presako eskuinaldean dagoen eskala bati esker. Eta eskala horretan, ez kasualitatez, Aldundiak arrainen jarraipena egiteko nasa bat dauka. Bereziki izokina kontrolatzen du, 1995etik Orian berriz ere izokina sartzeko plan bat indarrean baitago. Baina beste espezie batzuk ere behatzen ditu, hala nola, kolaka (Alosa alosa) eta aingira. Orbeldi dago kolaka Kudeatzeko Planak “interes berezikotzat” jotzen duen ibai-zati batean". 

"Errioari presa botatzea komeni zaio"
Baita aingirak ere. "Oso litekeena da galtzorian dagoen itsas lanproia ere inguru horretan bizitzea. Eta ugaztunen artean, berriz, ur-ipurtatsa edo europar bisoia. Kudeaketa Planaren arabera, behintzat, ugaztun honen “lehentasunezko zabalkunde-eremuan” dago Orbeldi". 

Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako 2016ko Ekintza Planak presa eraitsi eta inguru hau lehengoratu behar dela dioela gogorarazten dute Anerrekak eta Eguzkik, "iktiofaunarentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako".

Horregatik, argi diote bi eragile ekologistek; "ez kanalak, ez zilarrezko dominaren distirak, ez ligukete errioa ikusten eragotzi behar. Eta errioari presa botatzea komeni zaio".