Mari Carmen Oroz: “Nire pasioa lan bihurtu nuen”

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 15a, 12:24

Josketa tailerra antolatu dute datorren ostiralerako eta hurrengorako Santuenean, hilaren 22an eta 29an. Mari Carmen Oroz izango da klaseak emango dituena bi egunetan, 17:00-19:00 bitarte. Jostuna izan zen duela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte, eta bi eguneko ikastaroa eskaintzera dator orain. 10 euro ordaindu beharko da ikastaroan parte hartu ahal izateko, eta 670027731 telefono zenbakiarekin jarri behar da harremanetan horretarako. Mari Carmen Orozekin izan da NOAUA! tailerraren berri izateko.

NOAUA! Josten ikasteko hastapen tailerra antolatu duzue. Zer ikasi ahal izango dute bertara hurbildutakoek?

Mari Carmen Oroz: Printzipioz bi hastapen tailer izango dira. Gerora ez dakit gehiago egiterik izango dudan, baina printzipioz urriaren 22koa eta 29koa izango dira. Gaur emakume batekin topo egin dut eta haurraren prakak konpontzen ikasteko beharra duela adierazi dit. Orokorrean, gisa horretako gauzak egiten ikasiko dugu, gauza erraz eta erabilgarriak. Etxean josteko makina dutenentzat interesgarria izan daiteke oinarri batzuk ikastea edo besteren bati eskuz jostea gehiago interesatzen bazaio horixe erakutsiko diot. Kreimailera jartzen ikasi nahi duenari ere erakutsiko diot hori edo prakei petatxoak jartzen ikasi nahi duenarentzat ere lekua egongo da. Bi egunetan ezin da askoz gehiago ikasi. Patroiak egiten erakustea asko gustatzen zait, baina bi egun gutxiegi dira hori lantzeko, eta gainera, jende gutxiagori interesatzen zaio hori. Beraz, bakoitzaren beharretara egokitutako klaseak izango dira.

 

Nori dago zuzenduta tailerra?

Edonorentzat da. Josten ikasi nahi duen edonor ongi etorria izango da.

 

Jostuna zara edo izan zinen?

Betidanik jostuna izan naiz. Tailer bat izan nuen Santuenean urte luzeetan, eta denetik egiten genuen: patroiak, konponketak… klaseak ematen nituen eta jendeari bere arropa propioa egiten erakusten nion. Jende gazte pila bat hurbiltzen zen josten ikastera, eta garairik onenetan 20-25 pertsonako klaseak ere eman nituen. Gerora, jendea zahartu egin zen eta utzi egin zituen klaseak, eta beraz, konponketak egiten jarraitu nuen eta arropak egiten kaleko jendearentzat. Jostuna eta irakaslea izan nintzen erretiroa hartu nuen arte. 

 

Gaur egun, oraindik josten duzu?

Ez, jada josteari utzi diot, zahartu egin bainaiz. Aste honetan eta datorrenean bezala, egun jakin batzuetan klaseak emateko ez daukat inolako arazorik, baina jada jostun bizitza atzean utzita daukat. 

 

Nola ikasi zenuen josten? Etxetik datorkizu zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait asko. Arropa egiten neure kasa ikasi nuen, klaseetara joan gabe. Arropa jakin bat hartu eta askatu egiten nuen, eta horrela, nola eginda zegoen ikusita, hurrengoa egiten nuen. Etxean, amak ez zuen gehiegi josten, eta beraz, ez datokit hortik. Helduago egin nintzenean, Donostian jostun titulua atera nuen. Hara joaterako jada banekien josten eta ez dakit tituluak gehiegi balio izan ote zidan, praktikarekin ikasten baita josten. Nire seme-alaben arropa guztiak nik egiten nituen txikiak zirenean. 

 

Josketa zure bizitza izan da, orduan.

Bai, erabat. 40 urte ingururekin ireki nuen tailerra, behin seme-alabak hazita zeudenean. Plazer bat da gustoko duzun zerbait egin, eta jendeak zure pasio hori partekatu nahi izatea. Oso momentu onak pasatu nituen tailerrean josten irakasten eta jende asko ezagutzeko aukera ere eman dit josketak. Nire pasioa lan bihurtu nuen. Gustoko duzunetik bizi zarenean, lan egite hori ez dela lan egitea zioen nire senarrak, eta arrazoi guztia zuen.