Santueneako parte hartze prozesuko galdetegia betetzen ari dira hainbat auzotar

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 12a, 18:20

Uda ostean, Santueneako parte-hartze prozesuari ekin zioten auzotarrek, eta udaberrian iragarri bezala, galdetegia prestatu dute. Hilaren 21era arte betetzeko aukera izango da, online Udalaren webgunean eta sare sozialetan zein paperean. Gaur arratsaldean Gure Elkartea tabernaren parean jarri dira laguntza behar zuten herritarrei lagundu eta orriak banatzeko. Datorren larunbatean, hilaren 20an, ere bertan egongo dira goizean. 

Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortu den boluntario taldeak ateak irekita dauzka edozein auzokidek bertan parte hartu nahiko balu. Usurbilgo Udalaren babesarekin eta Hiritik At Koop.-en bide-laguntzaz, urrian zehar sukalde lanak egiten egon dira, eta iritsi da unea plazara salto egiteko. Talde eragiletik galdetegi bat prestatu dute horretarako, auzokide guztien artean egin dezaten auzoaren argazkia: zer dugu hobetzeko Santuenean, epe ertaineko ikuspegian? Zeintzuk dira lehentasunak? Ba al dugu gaurdanik proposatu nahi dugun ideiarik?

Espazio Publikoaren eremuan, mugikortasunean, irisgarritasunean, zaintza, ekipamendu zein zerbitzu publikoen eremuan, edota, elkarbizitza eta auzo-antolaketaren esparruan ekarpenak erraz jasotzeko tresna da galdetegia. Noski, gai berriak proposatzeko aukera ere izango da bertan.

Behin galdetegiak jasota, ondorioak bildu eta sakontzen jarraituko dute. Azaro eta abendu bitartean, auzo-txangoak burutuko dituzte, oraindik zehazteke dauden datetan, eta diagnostiko osoaren aurkezpen ireki bat ere egingo dute urtea amaitu baino lehen. Ondo bidean, 2022 urtearen hasierarekin batera proposamen fasea ireki ahal izango dute, Santuenea hobetzeko tresna izango den Auzo Plana eraikitzeko.