Txokoaldeko Akerra birgaitzen hasiko dira laster

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 8a, 09:28

Akerra Gaztetxearen egoitza birgaitzera doa Usurbilgo Udala. Lanak hilabete honetan bertan abiatzea aurreikusia du udal gobernu taldeak, iaz txokoaldetarrekin eginiko parte hartze prozesuan oinarrituta. Auzotarrentzako bilgunearen egoitzan bilakatuko dute udal eraikina.

Kalezarko Pelaioenean kokatuko diren Emakumeen Etxea eta auzotarrentzako udal ekipamendua definitzeko parte hartze prozesu bana abiatuko du Udalak irailaren 19an, iaz Txokoalden egin zuten antzera. Gogoan izango duzue, garai bateko Akerra Gaztetxearen egoitzan, etorkizunean auzotarrentzako ekipamendua kokatuko dute.

Jabetzan duen eraikina izanik, Usurbilgo Udalak egitasmo hau zehazteko parte hartze prozesua antolatu zuen. Txokoaldetarrek Akerrako proiektua definitzeko ekarpenak egin zituzten eta prozesu hartan oinarrituta “idatzitako exekuzio proiektua gauzatuko da datozen hilabeteetan”. Lanak abiatzear direla iragarri dute. “Tramite gutxi batzuk baino ez dira falta Akerrako obrak martxan jartzeko”. Udal gobernu taldetik aurreratu dutenez, “irailean bertan hasiko dira lanak”. Delsa Irun SL enpresak birgaituko du udal eraikina, 165.000 eurotan. Aurreikusi dutenez, “lanek 4 hilabete irautea aurreikusten da”.

Txokoaldeko Akerra, gaztetxea eta auzotarren bilgunea etorkizunean
Iazko udazkenean zehar txokoaldearrek udal ordezkariekin batera, Hiritik At! kooperatibak bideratu duen prozesuan, Akerra gaztetxe eta auzotarren bilgunea izatea erabaki zuten. 

Udazkenean zehar Udala eta txokoaldetarren artean bideratu zuten elkarlan prozesuak lehen emaitza plazaratu zuen otsaila amaieran; auzoko Akerra eraikinean aurkezturiko proiektua. Urte amaieran eginiko bileretan txokoaldetarren beharretatik abiatuta definituriko egitasmoa dugu, auzoaren eta auzotarren bizi kalitatea hobetzera datorrena.

Udal gobernu taldeko kideek eta prozesua dinamizatu duen Hiritik At! kooperatibako kideek orain arte eginiko lanketaren emaitza aurkeztu zuten, orain arte gaztetxe izan den eraikinera joandakoen aurrean. Balantze positiboa egin zuen Kooperatibak. Adin ezberdinetako 20 bat lagunek parte hartu zuten prozesuan zehar.

Gogoan izan, iazko udazkenean zehar, auzotarren beharrak biltzearekin batera, Akerra eraikina txokoaldetarren bilgune izatea proposatu zen. Eraikineko espazioaren antolaketa eta erabileraz, funtzionamendu eta kudeaketaz erabakitzen aritu ziren txokoaldetarrak udal ordezkariekin eta aipatu kooperatibako kideekin batera hiru lan saioetan.

Auzo elkartearen osaera
Eraikina birgaitu eta berrituko du laster Udalak. Orain arte bezala, aurrerantzean ere gaztetxe izaerari eutsiko dio guneak beheko solairuan. Goikoa aldiz, auzotarren bilgunea izango da, auzotarren erabilerarako. Sortzea erabaki duten auzo elkarteak kudeatuko du. Erabilera anitzeko gunea izango da, komun edota sukalde txiki batekin. Bi solairuak komunikatzeko eskilarak berritu eta igogailua jartzekoak dira.

Proiektuaren lehen xehetasunak plazaratu eta txokoaldetarren ekarpenak biltzeko baliatu zuten otsaileko bilera. Etorkizunean gauzatuko den proiektuari begira, 2020ko udal aurrekontuetan 200.000 euroko partida jasoa du udal gobernu taldeak egitasmo honetara bideratzeko.