Ekainaren 26an inauguratuko dute Txokoaldeko udal ekipamendua

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 09:40

Txokoaldetarren bilgunea izango den Akerra eraberrituaren irekiera ekitaldia, ekainaren 26rako finkatu du Usurbilgo Udalak, goizeko 11:30etan.

Prest dute 2019tik hasita auzolanean diseinaturiko eraikina. Apirila amaieran bildu ziren Udala eta auzotarrak, azken xehetasunak lotzeko. Eta orain bai, heldu da aurrerantzean Akerra gaztetxe eta auzotarren bilgunea izango dena inauguratzeko unea. Ekainaren 26rako finkatu du irekiera ekitaldia Usurbilgo Udalak, goizeko 11:30etan, Txokoaldeko gune eraberritu honetan.

Gogoan izan, 2019ko udazkenean zehar txokoaldearrek udal ordezkariekin batera, Hiritik At! kooperatibak bideratu zuen prozesuan, Akerra gaztetxe eta auzotarren bilgunea izatea erabaki zuten. Proiektua definitu zuten parte hartze saio haietan. Eraikineko espazioaren antolaketa eta erabileraz, funtzionamendu eta kudeaketaz erabakitzen aritu ziren txokoaldetarrak udal ordezkariekin eta aipatu kooperatibako kideekin batera hiru lan saioetan.

Auzotarren bilgunea
Birgaitu eta berritu egin zuen gerora Udalak eraikina. Orain arte bezala, aurrerantzean ere gaztetxe izaerari eutsiko dio guneak beheko solairuan. Goikoa aldiz, auzotarren bilgunea izango da, auzotarren erabilerarako. Sortzea erabaki duten auzo elkarteak kudeatuko du. Erabilera anitzeko gunea izango da, komun edota sukalde txiki batekin. Bi solairuak komunikatzeko eskilarak berritu eta igogailua izango ditu.

Aipatu moduan, Txokoaldeko udal-ekipamendu berriaren lanak amaituta, ekainaren 26an goizeko 11:30etan inauguratuko dute.