TXALUPARTA JAITSIERA

Errioan, txalapartaren erritmora

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 5a, 13:27

Txokoaldeko Txalaparta Txokoan daudenetik, Oreka Tx taldeko kideek egitasmo ugari jarri dituzte martxan. Pasa den larunbatean antolatu zutena ikusgarria izan zen: Oriako jaitsiera egin zuten, txalaparta doinuen erritmora. Taldekideek eman digute esperientziaren berri.

“Txokoaldera iritsi ginenean, errioa deskubritu genuen”, azaldu digu Harkaitz Martinez de San Vicentek. “Geroztik bagenuen kapritxo modukoa: Oriako jaitsiera egitea, txalaparta jotzen”. Pasa den asteburuan bete zuten ametsa. 40 bidelagunekin batera osatu zuten Txokoalde eta Orio arteko bidea. 

 

Txalapartarien Akanpadaren baitan antolaturiko ekitaldia


Txalapartarien Akanpada ospatu berri dute Orion. 100 bat lagun elkartu ziren eta tartean ziren kanpotik etorritako hainbat txalapartazale: “Tarragonakoak, Alakantekoak, Kanariar Irletakoak...”. 
Akanpadaren baitan, Txaluparta Jaitsiera antolatu zuten larunbat arratsaldean eta 40 lagun animatu ziren. “Batzuk alan, besteak piraguan, beste batzuk txalupan... Zoragarria izan zen”, Oreka Tx taldeko kideak aditzera eman digunez.
Egurra, banbua, harria, burnia... Txalaparta jotzeko material ugari baliatzen du Oreka Tx taldeak eta horiek denak entzun ziren larunbatean, errioan behera eginiko jaitsieran.

 

“Ederra izan zen”

Iruditan ikus daitekeen moduan, batzuk piraguan osatu zuten ibilbidea. Begi-Bistanekoei alokatu zizkieten. Txalaparta jotzeko ordea, bestelako azpiegitura behar zuten. “Lasarte-Oriako Zuaznabar txalapartari familiak badu txalupa bat Orion eta jaitsierarako utzi ziguten. Eta Orioko Pikabeak motorrik gabeko ala bat”. Eguraldia lagun, gozatu ederra hartu zutela adierazi digu Harkaitz Martinez de San Vicentek. “Ederra izan zen”.