Bertso-ibilaldia igandean, sagastietan barrena

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 23a, 09:37

Urriaren 24rako antolatu du Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak. Andoni Egaña eta Uxue Alberdiren bertsoak eta Jakoba Errekondoren azalpenak tartekatuko ditu hitzorduak.

Urriaren 24rako antolatu du Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak. "Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko parada" eskainiko duen irteerak bidelagun bereziak izango ditu; Uxue Alberdi eta Andoni Egañaren bertsoak eta Jakoba Errekondoren argibideak. Txangoa goizeko 10:00etan abiatuko da Txokoaldeko parketik. Izena aurrez eman beharko da, bideotatik: alkartasuna@usurbil.com helbidean edo 943 361 114 telefono zenbakian.

"Etorkizuneko sagastiaren diseinua" ikastaroa
Sagarrondotik Sagardora" ikastaro zikloko saio berri bat ere iragarri du Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak. "Etorkizuneko sagastiaren diseinua" hizpide izango duen ikastaroa hain zuzen. Urriaren 29rako iragarri du, 15:30-18:30 artean Potxoenean. Aitor Etxeandiak gidatuko du. "Biltzeko makinaria, barietateak, mentu-oinak, sagastien formatoak" hartuko dituzte ahotan, besteak beste. Saio honetarako aurrez eta bideotatik eman dezakezue izena: 943 361 114/alkartasuna@usurbil.com

Nekazaritza tresnen IAT azterketa egiteko aukera Alkartasuna Kooperatiban
Behemendi Donostialdea eta Bidasoako landa garapenerako elkartetik ohartarazi dutenez, nekazaritza tresneriaren IAT azterketak egiteko aukera izango da azaroaren 5ean, Alkartasuna Kooperatiba ondoan; goizez, 8:30-14:30 artean. Azterketa egin nahi duenak Irungo IAT gunera deitu beharko du, 943 62 63 00 telefono zenbakira.  Azterketok gero eskudirutan ordaindu beharko dira.

"Behemendi elkartetik azaldu dutenez, lehen baserrietan bertan pasatu ohi zituzten IAT azterketak, baina araudiaren aldaketa bat tarteko, desagertu egin da zerbitzua. Horren ordez, dagoeneko Deba Garaian, Deba Beheran eta Urola Kostan eskaintzen duten zerbitzua eskainiko dute: hainbat herritan azterketa egiteko egun bana proposatzea".