Txokoaldeko zubia garbiketa lanengatik itxita asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 24a, 08:56
Txokoaldeko zubi ingurua, abenduko uholdeetan.

Asteazkenean 8:00-14:00 artean itxita egongo da Txokoaldeko zubia. URA Agentzia garbiketa lanak bideratzekoa da zubi honen bueltan.

Udazken eta negu hasierako euriteen lekuko zuzena izan da Txokoaldeko zubia. Zubi honen begietatik igarotzen den Oria nabarmen hazita ikusi dugu azken aldian gutxienez hirutan; azaroa amaieran lehenik, abenduko bigarren asteburuaren bueltan gero eta baita hilabete hasiera honetan ere. Botatako zaparraden ura irentsi ezinik izan dugu errioa eta errioak goitik behera itsasorantz zekartzan hondakin, eta bestelako materiala zubia zeharkatu ezinik geratu da.

Garbiketa lanen txanda orain. Usurbilgo Udalak ohartarazi berri duenez hain zuzen, asteazkenean (urtarrilak 26) itxita egongo da Txokoaldeko zubia, goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak aldera arte. Ordu tarte horretan URA Agentziak zubi honen bueltako garbiketa lanak bideratu asmo ditu. "Zubiaren erdiko bi zutabeen artean trabatuta dauden egurrak kentzea du helburu" URA-k. 

Izatez lanok lehenago, hilabete hasieran bideratu asmo zituzten, baina Udalak zehaztu duenez, "euriteak tarteko bertan behera utzi behar izan zituzten". Azken aldiko egun eguzkitsuak baliatuko ditu URA-k garbiketa lanotarako.