Aho batez onartu du udalbatzak, Ramon Uriberen egoeraren inguruko mozioa

Noaua Aldizkaria 2012ko abe. 5a, 00:00

Bildu, Aralar, Hamaikabat eta EAJ-PNV udal taldeek bat egin eta Usurbilgo Herri Batzarrak Ramon Uribe herritarraren egoeraren inguruan aurkeztu duen mozioaren alde bozkatu dute, gaur arratsaldeko 18:00etarako deitua zegoen premiazko eta ezohiko osoko bilkuran. Honenbestez, aho batez onartu du udalbatzak, besteak beste, Uribe aske uztea eskatzen duen testua. 

Mozioa bozkatu aurretik, gaurko ezohiko osoko bilkuraren premiazkotasuna berretsi behar izan dute udal ordezkariek. Testuaren bozketan gertatu bezala, lehenengo puntu honetan ere adostasuna erabatekoa izan da eragile politikoen artean. Jarraian, Usurbilgo Herri Batzarreko ordezkari Aitor Landaluzek aurkeztu duten testua irakurri du. Osoko bilkuraren amaieran hitza hartu du baita, Ramon Uribe eta bere senideen izenean, talde politikoek izandako jarrera eskertzeko. Hona hemen mozioak dioena, bere osotasunean:



RAMON URIBE HERRITARRAREN EGOERAZ USURBILGO HERRI BATZARRAREN MOZIOA
Bere kondena bete ostean, abenduaren 3an aske geratu behar bazuen ere, Ramon Uribe Navarro kalezartarrak espetxean segitzen du. Estatu espainolak 197/2006 doktrina delakoa aplikatu dio eta, horrenbestez, bere kondena 2024ra arte luzatu dio.

Ramon 1994ko ekainaren 5ean atxilotu zuen Guardia Zibilak bere tabernan. Donostiako kuartelean zein Madrilgoan izan zen bitartean tortura eta tratu txarrak jasan zituen. Tratu txarrengatik jarritako salaketa artxibatu egin zuten. Geroztik zazpi espetxeetan eduki dute: Carabanchel, Ocaña, Valdemoro, Segovia, Palencia, Langraitz eta Topas. Azken espetxe horretatik, hain zuzen, aske atera behar zuen joan den astelehenean, hemezortzi urte eta erdi preso igaro ostean.

Zain zituen Salamancako karzelaren atarian familia eta lagunak. Baina azken unera arte ez zioten espetxe zigorra hamabi urtez luzatu ziotela jakinarazi. Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. Azken asteak kezka eta egonezinean bizitzera behartuak izan dira, eta horrelakorik gerta zitekeela jakitun ziren arren, itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik. 

Espainiako gobernuak euskal presoei aplikatzen dizkien espetxe-neurriak salbuespenezkoak eta Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontrakoak direlakoan gaude. Zehazki 197/2006 doktrinari dagokionez, joan den uztailean Estrasburgoko Auzitegiak berak aipatu Hitzarmena urratzen zuela ebatzi zuen Ines del Rioren kasuan. Ez alferrik, beste 65 preso bezala (66 Ramonekin), giltzapean jarraitzen du.

Salbuespen neurri hauek sufrimendu handia eragiten dute zuzenean jasaten dituztenei, beren familiei eta baita gizarte osoari ere, bakearen eta giza eskubideen errespetuaren alde apustu garbia egin baitu. Sufrimendu horrekin bukatzeko neurri horiek desagertu egin behar dute. Horretarako, aski litzateke legeria arrunta aplikatzea.

Horregatik guztiagatik, erabaki hauek hartzeko eskatzen diogu Usurbilgo Udalari:
1-Espainiako Gobernuak presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplika dezala eskatzea.
2-Espainiako Gobernuari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia bete dezala eskatzea, eta, ondorioz, lehenbailehen 197/2006 indargabetua izan dadila eta gure herrikide Ramon Uribe libre utz dezatela, 2012ko abenduaren 3an bere zigorra bete baitzuen.
3-Usurbildarrei erabaki honen berri ematea eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatzea.