Usurbildar belaunaldi ezberdinak bildu ditu, San Ixidro Egun eguzkitsuak

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 15a, 14:51

        
Eguzkia eta jendea, aurtengo San Ixidro Eguneko protagonistak. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak ikusi ditugu goiz partean Dema plazan ospatu diren herri kiroletako probei adi-adi jarraitzen. Helduak baina baita haurrak ere. Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleek hain zuzen, baserritarren egun honetako ospakizunetan murgilduta igaro dute goiz partea.

Harri jasotzea, zaldi-dema eta Arrilla aita-seme usurbildarrak Txapartegirekin aurrez aurrez jarri dituen aizkolari desafio proba itzela eskaini dute Dema plazan. Olaso eta Otamendiren bertso ederrek egin dute proba eta proba arteko zubi-lana.

Bertaratu direnek, zenbait herritar eta udal ordezkari banatzen aritu diren hamaiketako goxo askoa ere dastatzeko modua izan dute. Eguraldi bikainak erakarrita, plaza ingurua jendez bete da. Haur, zein helduez, aurten ostegunez egokitu den baserritarren egunean. Goiz parteko ekitaldiak pasata, eguerdian Artzabal jatetxean ospatzekoa den bertso-bazkariaren ostean, Usurbilgo erraldoi konpartsa kalejiran irtengo da, 18:30etatik aurrera.