Atzera kontua amaitu da. Orain, lehiarako erlojua martxan jartzea baino ez da falta. Ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen, historikoa izango den asteburu honi ekiteko. 50 urte bete berri dituen Usurbil Kirol Elkarteko bi senior talde, emakume eta gizonezkoena, lehiarako prest dira. Aurkariak ere, kanariar, asturiar edota galizarrak, gurean beharko dute honez gero. Oiardo Kiroldegia ere, espero den jendetza hartzeko prest. Eskubaloi festa handi baten lekuko izatera doa Usurbil, ostiral honetan hasi eta igandera bitarte.
Meritu handiz heldu dira etxeko senior taldeak, maila igoera lortzera bidera dezaketen txapelketa honetara. Ez dago zalantzarik badutela zer ospatua jada. Baina gainera, asteburuko partidetan eskuraturiko emaitzak ezin hobeak badira, pentsa igandean zer gerta daitekeen; Sagardo Eguna are egun handiagoa izango da, Usurbilgo eskubaloiarentzat.
Ordura arte, aurretik, 48 orduko eskubaloi jaialdi handi bat dugu ate joka. Hasi dadila festa. Lehia abiatzeko, senior emakume eta gizonezkoen igoera faseei loturiko bina neurketa, gaur arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Oiardo Kiroldegian;
Maiatzak 16, ostirala
Emakumezkoen 1. Maila
16:00 S.D. Lagunak-BM. Rasoeiro
17:45 Usurbil K.E.-C.D. Tahiche
Gizonezkoen 2. maila
19:45 Ed Poio Artai-Cronistar Base Oviedo
21:30 Ucin Aluminio Usurbil- Puerto del Carmen
Maiatzak 17, larunbata
Emakumezkoen 1. maila
10:30 S.D. Lagunak-C.D. Tahiche
12:30 BM. Rasoeiro-Usurbil K.E.
Gizonezkoen 2. maila
17:00 Ed Poio Artai-Puerto del Carmen
19:00 Cronistar Base Oviedo-Ucin Aluminio Usurbil
Maiatzak 18, igandea
Gizonezkoen 2. Maila
9:00 Puerto del Carmen-Cronistar Base Oviedo
10:40 Ucin Aluminio Usurbil-Ed Poio Artai
Emakumezkoen 1. maila
12:50 Usurbil K.E.-S.D. Lagunak
14:30 C.D. Tahiche-BM. Rasoeiro
Benito Mujikari omenaldia
Asteburuko jardunaldi berezi honen baitan, hitzordu garrantzitsu bat. Usurbil Kirol Elkartearen ibilbidean ekarpen handia egin zuen lagun bat omenduko dute larunbatean; Benito Mujika Illarramendi. Senior mutilen igoera faseari loturiko bigarren jardunaldiaren baitan izango da. Partida eta partida artean. 17:00etan, Ed Poio Artai-Puerto del Carmen taldeek jokatuko dute. 19:00etan, Cronistar Base Oviedok usurbildarren aurka. Etxekoek jokatuko duten partida hau hasi aurretik omenduko dute Mujika.