Herri bat eskua emanda, erabakitze eskubidea gauzatzea eskatzeko

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 9a, 15:24

Alaia, hunkigarria, koloretsua, anitza, pozgarria... Adjektibo guztiok eta gehiago erantsi ahalko dira aurrerantzean, atzoko giza-kateaz oroituko garen aldiro. Gure oroitzapenen kutxatxoan ezin hobeto gordeko dugu 2014ko ekainaren 8a. Haur, gazte, heldu, koadrila, familia, talde, norbanako, bikote, kolektibo... Ehunka eta 900 usurbildar baino gehiago eskutik helduta, kilometro luze batez bat eginda, erabakitze eskubidearen inguruan. Halako ekimen baten gosea eta egarria bazen. Herritarren aurpegiak oso adierazgarriak atzokoan; irria marraztua, poza, hunkituak oso. Eta eskuak, argazkietako sinbolo nagusiak. Eskuak, lotura, elkartasun, aldarrikapen eta batasunerako tresna. Gutxitan ikusitako argazki historikoa ekainaren 8koa; herri baten irudia Durangotik Iruñearako aldarrikapen kate luzearen 90. kilometroan. Argi dago, adostasun gune bat, elkargune bat sortu du Gure Esku Dago mugimenduak. Baita Usurbilen ere. Atzo izan zuen abiapuntua, gaurtik segida. Zorionak Gure Esku Dago! Zorionak Usurbil!