Asteburuan Oiardo Kiroldegian berriz, erreusarentzako ontzi grisen banaketa gunea

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 27a, 09:20

Usurbilgo Udalak uztailaren 6an abiatuko duen hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berrirako beharrezkoak izango diren erreusarentzako ontzi grisak eskuragarri izango dira berriz Oiardo Kiroldegian. Ostiral arratsalde honetan, 18:00-20:00 artean, eta larunbat goizean, 10:00etatik 13:00etara. 

Mugimendu handia aurreko asteburuan
Jende ilara luzea izan zen aurreko asteburuan, ontzi grisok banatzeko Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegi sarreran jarri zuen gunean. Ostiraletik larunbatera, herritar asko gerturatu zen, aurrerantzean igande goizetan erreusa etxe atarira ateratzeko baliatu beharko den ontzi grisa jasotzera. Gogoan izan, kuboa eskuratu duzuenok, jada erabili ahal duzuela. Uztailaren 6tik aurrera bai, derrigorrezkoa izango da ontzi hau erabiltzea erreusa ateratzeko. Etxean sortzen duzuen erreusa biltzeko ontzi grisa ahalik eta beteen duzuela ateratzea komeni da. Aurrerantzean, hondakinengatik ordaindu beharko den tasaren zati bat hain zuzen, ontzia zenbatero ateratzen duzuen, horren arabera kalkulatuko baitu Usurbilgo Udalak. 

Abiatzear den hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berriaren gako nagusietako bat izango da hori. Zero zabor norabidean, herri honek emango duen urrats berri baten atarian gaude hain zuzen. Sortzen dugun hondakinen arabera ordaintzen ere, Usurbil aintzidari izango da Euskal Herrian.

Bilketa egun gehiago
Kubo grisa jaso ez duzuenok, gerturatu asteburuan Oiardo Kiroldegira. Eman zure helbidea eta ontzi grisa doan jasoko duzu, egun, ordu eta tokiotan:

Ekainak 27, ostirala
18:00-20:00 Oiardo Kiroldegian.

Ekainak 28, larunbata
10:00-13:00 Oiardo Kiroldegian.

Oharra: nork bere etxeko helbidea eman eta ontzi gris bat jasoko du doan.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Informazio gehiago, Atez Ateko bulegoan
Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00-14:30 artean.
Telefono zenbakia: 900 776 776.
E-posta: atezate@usurbil.net

Erreusa ateratzeko ordutegia: igande goizetan, 6:30-9:00 artean.