Errotondako ohiko errituarekin amaitu dute oilasko biltzaileek, goizaldean hasitako kalejira

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 1a, 21:44

Eguerdian euritan harrapatu dituen oilasko biltzaileak heldu dira Kaxkora. Mikel Laboa plaza ondoko errotondaren bueltan bildu dira gazteak, urteroko erritu bikoitza betetzera; dantza saio ederra egin dute lehenik eta jarraian, taldeko argazkirako bildu dira. Etorri bezala kalejiran joan dira gero, goizean goiz hasitako kalejira luzeko helmugara, Askatasuna plazako txosna gunean prestatu dieten otordu goxo askoa dastatzera. Bazkalostean jokoetan primeran pasatzeko aukera izango dute.

Kalezarretik Aginagara
Gosaldu ostean, goizaldean hasi dute oilasko biltzaileek etxez etxeko erronda. Auzoz auzo, eguerdira arte luzatu duten ibilbidean. Nondik zebiltzan, Kalezarko Buena Vista etxeko Maider Makazagak jarri gaitu oilasko biltzaileen arrastoan. "Beste behin ere herriko gazte kuadrila eder bat tradizioari jarraipena emanez baserrietara festa giroa eramaten dabilela. Buena Vistara iritsi direnaren probak behintzat baditugu!! Ea buelta bikaina egiten duten eta datorren urterako egin dugun tratuaz oroitzen diren!!", zioen Makazagak albiste honetan beherago dituzuen etxe atarian ateratako argazkiekin batera, NOAUA!ra helarazi duen oharrean. Kalezarretik Aginaga aldera jo dute gero oilasko biltzaileek. Euri zaparradak tarteko, aterpea bilatu behar izan dute. Kaxkorako bidea hartu dute handik. Dema plazan dantza saioa egin eta gero, kalejirako azken metroak egin dituzte oilasko biltzaileek; Mikel Laboa plazako erritua betetzeko lehenik eta txosnetako bazkarira joateko gero.

Santixabeleko lehen irudiak, web orrialde honetako Argazkitegia atalean dituzue.