Izeta III, Gipuzkoako harri txikien txapelketako irabazlea

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 6a, 21:53



Jesus Mari Iruretagoiena, Izeta III dugu Gipuzkoako harri txikien txapelketako irabazlea. Finala Santixabeletako azken arratsalde honetan jokatu da, euriagatik frontoian. Lehia estua izan da. Izeta III-rekin batera, Joseba Ostolazak, Urtzi Telleriak, Iban Ugartemendiak eta Aimar Galarragak zuten onena eman dute, harrijasotze ikuskizun paregabea. 10 arroako (125 kg), 9 arroako kubikoa (112,5 kg) eta 8 arroako bola (100 kg) altxa behar zituzten. Hiru minutuko lana izan dute harri bakoitzarekin.

Hona hemen, Gipuzkoako harri txikien txapelketako finaleko sailkapena. Segidan, partaide bakoitzak harri jasotze proban guztira egindako altxaldi kopurua:
1-Jesus Mari Iruretagoiena, Izeta III: 76 altxaldi (8.600 kg)
2-Joseba Ostolaza: 75 altxaldi (8.487,5 kg)
3-Urtzi Telleria, Telleria II: 64 altxaldi (7.200 kg)
4-Iban Ugartemendia: 62 altxaldi (7.025 kg)
5-Aimar Galarraga: 49 altxaldi (5.612,5 kg)

Harri jasotze proba bukatu eta gutxira, idi-dema ospatu da. Hau bai, jatorriko plazan.